Duela hamabost egun sailkatu zineten Kopako finalerako. Asteburuan, berriz, espero ez zenuten emaitza izan duzue Getxoren kontra. zer gertatu da?
Taldeak beherakada izan duela. Horrelakoetan gertatzen da, helburu bat lortzeko gogor lan egin, esfortzu guztiak horretara bideratu, eta lortzerakoan psikologikoki behera etortzea, edo lasaitzea. Kopako finalerako sailkatu garenean lasaitu egin gara, eta Getxokoek aprobetxatu zuten hori. Pena izan zen, bost puntu irabazteko partidua zelako, eta liderrak ere hanka sartu duelako asteburuan. Tartea txikitzeko aukera ederra alperrik galdu dugu.
Dena dela, denboraldi-aurrean gustura sinatuko zenuten otsail amaieran egoera honetan egotea: Kopako finalean, ligan aurrealdean...
Iazko denboraldiaren ostean klubak apustu sendoa egin du: pare bat fitxaketa on egin ditu, arlo fisikoa lantzeko espreski ekarri dute entrenatzaile bat... Iazkoa berdindu, edo hobetu egin behar dugu.
Ordizia moduko talde batendako zer esan nahi du Espainiako Kopako finalera sailkatzeak?
Gauzak ondo egin diren seinale. Kluba duela urte batzuk hasi zen harrobiarekin serio lan egiten, eta titulua irabazita, ala ez irabazita, lan ona egiten dabiltzala erakusen du.
Urtebete igaro da Zeelanda Berritik itzuli zinenetik. Zelako esperientzia izan zen hangoa?
Asko ikasi nuen errugbiaz, eta esperientzia oso baliagarria izan zen, baita arlo pertsonalean ere. Han errugbia hemen baino askoz ere aurreratuago dago, Espainian baino aurreratuago, baina baita Ingalaterran baino aurreratuago ere.
Han lehenengo kirola izango da, ala?
Bai, pasada bat da, ez dago besterik. Espainian futbolak izan dezakeen indarra baino askoz handiagoa du han errugbiak. Han jendeak burua galtzen du kirol honekin, eta hango selekzioak jokatzen duenean, All Blacks taldeak, izugarria da.
Aurreikusi moduko maila topatu zenuen han?
Egia esateko maila handia topatu nuen han, ondoren profesional bilakatu diren jokalariekin jokatu nuelako; zurekin egon diren jokalariak profesional bilakatu direla ikustea polita da.
Zeelanda Berritik itzuli eta zuzen joan zinen Ordiziara?
Beno, izan nuen eskaintza txikiren bat hortik, baina handik etorri nintzenean lan gabe nengoen, etxetik kanpora bizi nintzen eta Ordizian zerbait polita eskaini zidaten. Etxe ondoan, leku ezagunean... ez nuen zalantzarik izan.
Ikustekoa izan zen Ordizia utzi zenuenean taldekide eta zaleek egin zizuten agurra.
Azken batean, urte asko dira taldean. Ordurako sei urte naramatzan Ordizian, eta polita izan zen jendeak maite zaituela ikustea.
Zer du Ampo Ordiziak? Izan ere, 10.000 biztanleko herri batendako ez da erraza izango edozein kiroletan ere maila gorenera iristea, eta mantentzea.
Umila dela, eta talde baloreak oso errotuta dituela. Nik uste dut zaleak errugbi zelaira joaten direnean batuta dagoen talde bat ikusten dutela, jokalariak konprometituta daudela, eta horrek asko esan nahi du.
Baina bistan dago Ordiziak ezin duela izarrez betetako talde bat izan.
Harrobia zaintzean dago gakoa, duda barik. Ordiziak ezin du fitxaketa mordoa egin eta horrek ere ez du etorkizuna ziurtatzen. Tarteka posible da jokalari pare bat fitxatzea, baina harrobian dago gakoa. Uste dut orain arte ondo egin direla gauzak, eta hor daude emaitzak.
Zaleak aipatu dituzu. Ikustekoa da etxeko jarraitzaileek zelan jarraitzen duten Ampo Ordizia.
Nik uste dut jendea engantxatuta dagoela errugbira. Kirol hori ezagun egin da herrian eta jarraitzaile fidelak ditu. Eta orain berdin da Sevillan edo Bartzelonan jokatu jendea partiduetara joatera animatzen dela.
Gipuzkoan gazteendako futbola izaten da lehenengo aukera; Ordizian buelta eman diote horri.
Ordizian errugbia lehenengo kirol bilakatu da, duda barik. Ordiziako klubeko kategoria guztietan gazteak emaitza onak jasotzen dabiltza, eta esanguratsuagoa dena, Ordiziako erdiko plazara domeka batean joanez gero gazteak errugbiko baloiaz ikusiko ditugu jokatzen. Hori ez da beste inon ikusten.
Palentzian jokatuko duzue finala, eta hango futbol zelaiak 8.000 ikuslerendako lekua du. El Salvadorrek ere zale mordoa ditu, eta gertu dute Palentziako hiriburua. Giro ederra egongo da finalean.
Ez dakit futbol zelaia beteko den, ikusle asko dira 8.000, baina seguru Ordiziatik jende asko joango dela. Klubak seguruenik hainbat autobus antolatuko ditu jendeari bidaia errazteko, eta beste asko euren kabuz joango dira Palentziara. Ezingo nuke esan zenbat zale batuko diren.
Arrasateko lagunak joaten dira partiduetara?
Bai, zapatuetan parrandarik egiten ez badute bai, behintzat. Eta gero etxekoak, neskalaguna... horiek ere jarraitzaile fidelak dira, ezin naiteke kexatu.