Krisiak gureko negozio asko gogor jo, eta ondorioz negozioek ateak itxi egin behar izan dituztela jakinekoa da. Baina Arrasatera etorrita, deigarria da Maalako Errabalaren egoera: 30 lokal edo negozio izatetik, 17 izatera pasa da hamar urtean.
Arrazoi bat: inbertsio handia
Hainbat arrazoi daude horren atzetik, adibidez, inbertsio handiak egin beharra: "Tradizio luzea duten negozio askok itxi dituzte ateak (Aranburuk adibidez, 80 urte baino gehiago zeramatzan zabalik); eta haien lekuan negozio berriak zabaltzeko, derrigorrezkoa da lokalak araudi berrira egokitzea. Ondorioz, obra handiak egin behar dira. Eta horrek asko zailtzen du, adibidez, itxita dauden lokalok errentan ematea", dio Josemari Balantzategik, Maalako bizilagunak eta bertako lokal baten ugazabak.
Beste arrazoi bat: konpetentzia
Herriko negozio berrien ("txinatarrak") edo herritik kanpokoen ("Gasteiz") konpetentzia ere aipatu du Balantzategik Maalakoen txikitzearen arrazoi moduan.
Hirugarren arrazoia: zirkulazioa
Horrekin batera, Errabalean larregiko zirkulazioa egotea eta horrek oinezkoen joan-etorria deseroso egitea ere salatu dute: 07:00etatik 13:00etara zirkulaziora zabalik dago. Eta ibilgailu asko gaizki aparkatuta egoten direla ere kontatu du Maalan dagoen Txuntxurunberde saltokiko Luisek.
Laugarren arrazoia: ohitura aldaketak
Herritarren ohitura aldaketak ere Errabalaren eraldaketarekin lotura badutela uste du azken horrek: "Olarte kaleak irabazi du asko adibidez oinezkoen gune bilakatu zenetik. Txikiteo zirkuitua ere txikitzen joan da, eta erdigunerantz zentratzen. Bestalde, Biteri plaza zabaltzeaz bat, lehen Maalatik pasatzen ziren herritar asko plazatik joaten da orain".
Irtenbide posible bat: negozio erakargarria
Bada horixe da oraingo egoera. Eta horri aurre egiteko irtenbide asko egon daitezke. Horietako bat, baina, negozio erakargarri bat ipintzea izan daitekeela uste dute. "Hemen taberna bi daude, kale hasieran. Beste taberna, kafetegi, edo jendea erakarriko zukeen negoziorik balego kale amaieran…"
Bien bitartean, dagoenari eusten segitu beharko diote Maalako Errabalean dauden negozioek. Izan ere eurek igarri, zoritxarrez, ondo asko igartzen dute errabalaren makalaldia.