"Gipuzkoar guztion, baita ETAk hildakoen diputatu nagusia dela adierazteko eta, benetan, ETAren biktimak aintzat hartzen dituela adierazteko, modu egokia da Isaias Carrascoren aldeko omenaldira joatea" dio Romerok.
Kursaaleko adierazpena
Ezker abertzaleak domekan Kursaaleko ekitaldian ezagutzera emandako agirian, ETAren biktimekiko "elkartasuna adierazi" eta urteotan haiekiko erakutsitako "sentiberatasunik ezagatik autokritika" egin zuen. Garitano ahaldun nagusiak bat egin zuen adierazpen horiekin eta orain etorri da Rafaela Romeroren eskaria.
Garitanori elkarrizketa egin zioten Radio Euskadin atzo eta adierazi zuen ez duela gonbiterik jaso domekan Arrasaten sozialistek Carrascoren omenez antolatuko duten ekitaldira joateko. Eta, gogora ekarri zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusiek biktimen alde antolatu zuten omenaldian parte hartu zuela.
Romerok adierazi du domekako omenaldia irekia dela, edozein herritarrek har dezakeela parte, baita ahaldun nagusiak ere. Garitano omenaldi horretara ez badoa, "egia ezagutzeko eta biktimei entzuteko prest ez dagoela erakutsiko du" dio Romerok.
Etxe ondoan omenaldia
Domeka eguerdian egingo diote omenaldia Carrascori, hil zuten tokian, Arrasateko San Andres auzoan, bere etxearen ondoan. Lore sorta eskainiko diote. Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak hartuko du parte eta han izango dira, era berean, Carrascoren alaba nagusia, Sandra, eta baita Marian Romero alarguna, eta beste bi seme-alabak: Ainara eta Adei.