'Hiru Graziak' ere feminista, Martxoaren 8rako

Irati Goitia 2012ko otsailaren 29a

‘Feminista naiz eta harro nago!’ lelopean hainbat ekintza egingo dituzte aurten ere, Martxoaren 8aren harira, besteak beste: manifestazioa, azoka eta kafe tertulia.

Hurbil dugu, dagoeneko, Martxoaren 8a eta Arrasaten aurkeztu dute prestatu duten egitaraua eta kartela.

Rubens oinarri

Kartela aukeratzeko lehiaketa egin dute eta Zumaia Arizabaletarena aukeratu dute aurkeztu diren 12 lanen artetik. Arizabaleta Rubens-en Hiru Graziak izeneko koadroan oinarritu da bere kartela egiterako orduan eta feminismoarekin uztartu du. Honakoa esan du Arizabaletak kartelaren aurkezpenean: “Rubensek margotutako hiru emakumeak gustura daude euren buruarekin, harro; horrexegatik aukeratu nuen. Hala ere, feminismoaz lotu nahi nuen obra, eta hori lortzeko helburuarekin, emakume bakoitzari ezaugarri bat jarri diot: bati sufragista baten soineko eta txapela, bigarrenari buruko zapia feminismo islamiarraren adierazle bezala eta hirugarrenari bota luze batzuk egun sistema moraletik kanpo dauden transexual edo prostitutak identifikatzeko”.

Egitaraua

  • Martxoak 8: Manifestazioa
  • Martxoak 10: Emakume baserritar eta artisauen azoka. Seber Altuben, goizetik eguerdira.

                                 IV. Takarraran emakumeen lasterketa. Seber Altubetik, 12:30ean.

  • Martxoak 16: Jabetxe eskolako II. kafe tertulia eta poteo feminista
  • Martxoak 28: Emakumeak protasgonista

 

Erakusketak

  • Martxoaren 12tik 23ra: ‘Emakume ingeniari arkitekto eta asmatzaileak’. Kulturateko klaustroan.
  • Martxoaren 8tik 22ra: Martxoaren 8ko kartelen erakusketa. Emakume Txokoan.

Lan handia egiteke

Berdintasun sailetik eta Emakume Txokotik adierazi dute urte askoan zehar lan ikaragarria egin dutela hainbat emakumek feminismoaren arloan eta eskerrak eman behar zaizkiela egin duten  borrokagatik, baina nabarmendu dute oraindik badagoela zer egin. Maider Morras Arrasateko Pertsonal eta Berdintasun zinegotziak honakoa esan du: “Nahiz eta lan asko eginda dagoen, oraindik asko dago egiteko eta erronka handiak ditugu aurretik”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak