Mondraberri euskarazko agerkariak eten egingo dio arrazoi ekonomikoek bultzatuta

Jon Berezibar 2012ko otsailaren 29a

Zortzi urteko ibilbidearen ostean, bisitari zein herritarren aldetik harrera beroa izan duen Mondraberri, Arrasateko euskarazko agerkari digitalak eten egin du ibilbidea, "arrazoi ekonomikoak medio". Gaur egin dute iragarpena eta eskertu egin diete irakurleei egindako jarraipen "oparoa". Euskarazko beste hedabide batek esango du gaur agur, beraz, estutasun garai hauetan ez da lehena eta ezta, ziurrenik, azkena ere izango.

"Egindako lanaz pozik". Emandako datuen arabera, eguneko, 3.326 bisitariko kopuruarekin esango dute agur, ala, behintzat, gero arte, "aldi batez" etengo baitute jarduera, diru-laguntzen jeitsierak eragindakoa.

Goienaren oharra

Goiena Komunikazio taldeak, mezu hau helarazi nahi izan die, bai Mondraberrikoei eta baita euskarazko hedabideen kontsumitzaileei, jendarteari, oro har, eta erakundeei:

"Goienan kezkaz eta penaz hartu dugu euskara hutsezko hedabide honen itxiera. Ez da lehenengoa, eta gaur bizi dugun egoera kontuan izanik ez da azkena izango zoritxarrez. Mondraberriren itxiera, Ttipi-ttapa telebistaren, Azkoitiko Maxixatzen aldizkariaren eta beste hainbat herri aldizkariren itxieraren jarraipena baino ez da. Guztiak berri txarrak bere biziraupenerako hedabideen behar gorria duen hizkuntza batentzat. Hedabide barik ez dago euskararik eta, zoritxarrez, gaur egun oso kinka larrian daude hainbat eta hainbat hedabide. Gure elkartasuna Mondraberriko lankide eta talde sustatzaileko kideei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak