Bilduk, bere aldetik, analisia eskatzeko "zilegitasuna" aitortu eta kontseilua sortuko zela jakinarazi ostean, azpimarratu zuen zero zabor helburua lortzeko bidean, euren ustez atez atekoa dela sistemarik onena eta horren aldeko apustuaren bidearekin segituko dutela. Bozketa egin ostean, EAJren mozioa baztertu egin zuten.
Bilduk argi dauka "aldaketa derrigorrezkoa dela zaborraren kudeaketan". Iraia Solak azpimarratu zuen helburuak zero zabor eta birziklapena badira, horiek ere badirela "herritarren betebeharrak", eta hori lortzeko atez atekoa dela "sistemarik onena". Horrela bada, Aralarrekin batera EAJren mozioaren kontra bozkatu zuten.
EAJ: "atzerakada"
"Atez atekoa atzerakada da" horixe da jeltzaleen ustea. Atzoko osoko bilkuran bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi zuen Garitano bozeramaileak; azpimarratu zuen edukiontzien bitartez birziklatzen den kantitatea handia dela, atez atekoak herritarrei "sakrifizio" handia eskatzen diola, eta salatu zuen ez diotela "gardentasunik eta demokraziarik ikusten horrelako erabakiak komunikabideetan argitaratzeari, udaletxeari dagozkion organo eskudun eta legezkoetan aldez aurretiko analisirik, eztabaidarik eta erabakirik egon ez denean".
PSE-EE: zabor bilketa = negozioa
Alderdi sozialistak bat egin zuen EAJren mozioarekin. Baina era berean EAJri aurpegiratu zion atez atekoari bidea zabaldu diotela, besteak beste, Gipuzkoako aurtengo aurrekontuak Bildurekin batera onartzeagatik.
Bestalde, Paco Gartzia sozialistak adierazi zuen "gezurra" dela atez atekoarekin zero zabor lortuko dela. "Zer egin behar dute birziklatu ezin denarekin? Halakorik ez dute argitzen", salatu zuen. "Norbait Napolesetik (Italia) pasatu da eta konturatu da zabor bilketa negozioa dela", gaineratu zuen.
Bozketa orduan, aldeko zortzi boto eskuratu zituen EAJren mozioak (EAJ + PSE-EE) eta 11 kontra (Bildu eta Aralar).