Herri Gutuna, zaharrena
Esaterako, zer gordetzen da artxiboan? "Udalak bere jardueran sortu edo jasotako dokumentu guztiak daude gordeta. XX. mendea da abiapuntua. Hortik aurrera, dokumentuak, kontuak… gorde egiten dira. Lehenagokoak ere badira, baina ez daude orain ezagutzen ditugun moduko espedienteak: eskriturak daude, batzar orokorretako aktak, Udaleko aktak, kontuak… Dokumentu zaharrena 1260koa da: Herri Gutuna (Arrasateren sorrera ezartzen duen dokumentua). Eta dokumentu berriena, berriz, 2001ekoa da", esan digu Marijo Axpek, Udal Artxiboko arduradunak. Kopuruak ere aipatzekoak dira: "Artxibo historikoa kenduta, 4.600 kaxa eta 900 liburu ditugu". Izan ere, eta hori ere deigarria da, dokumentazio oso-osoa paperean gordetzen dute Udal Artxiboan; kaxetan, hain justu. Arrazoia?: "Nik uste dut digitalizazioak oraindik ez duela balio legalik. Eduki daiteke euskarri digitala, baina ezin da papera eliminatu. Bagabiltza hainbat dokumentu zahar digitalizatu eta datu baseetan sartzen, dokumentua bera gordetzeko eta kontsultak errazteko".
Gerra aurrekoa eta ostekoa
Dokumentazio motari dagokionez, berriz, Espainiako gerrak zatikatzen du hori. "Dokumentazioa desberdina da Udalaren gaitasunak desberdintzen diren neurrian. Hasieran, Serapio Muxikak ezarritako sistema erabiltzen zen; gaur egun, Madrilgo artxibozain talde batek egindako taula erabiltzen da artxibatzeko. Gerran egon zen dokumentazio mozketa, asko galdu egin zen. Eta tarte hori erabili dugu taula bat edo bestea erabiltzeko. Beraz, gerra aurretik dokumentazio jakin bat dago, eta gero beste bat. Horrek ez du esan nahi, adibidez, Udaleko akta, kontuek… jarraipenik ez dutenik. Baina dokumentazio jakin bat epe batean edo bestean sortzen da. Adibidez, hidalgiak, bertan jaiotakoa zarela eta judu edo mairuekin zerikusirik ez duzula frogatzen dutenak… XIX. mendea baino lehenagokoak dira horiek, foruak galtzeaz bat desagertu egin ziren-eta".
Historikoa/administratiboa
Bestalde, badaude dokumentu asko historiko moduan artxibatuta: "60 urte baino gehiago duenean, historikoa da. Denetik dago: hidalgiak, XIII. mendeko dokumentuak…Artxibo historikoa edozeinek kontsulta dezake. Administratiboari dagokionez, berriz, parte interesatua direnek bakarrik kontsulta dezakete; datuak babesteko legeak galarazi egiten du kontsulta librea", esplikatu du arduradunak.
Altxorrak
Jakina, artxibo guztietan moduan, altxorrak ere badaude Arrasatekoan, giltzapean gordeta. "Pergaminoak. Narruan idatzitako dokumentuak dira; Herri Gutuna, adibidez. Oso bilduma garrantzitsua dugu uholdeen ostean berrituta. Oso egoera onean daude, eta oso dokumentu polit eta bitxiak dira", esan digu Marijo Axpek.
Argazkiak: fototeka
Eta ezin falta argazkien artxiboa: "Paisajes Españoles-ek egindako erreportajeak, Zerrajerako fondoko batzuk, ASA taldearen bilduma… gehienak dira urbanistikoak. 6.000 baino gehiago daude. Zaharrenak dira Indalezio Ojangurenenak, 40ko hamarkadakoak. Hortik dugu saltoa, 1960tik aurrera", adierazi digu Axpek.
-------------------------
Marijo Axpe (artxiboko arduraduna): "Artxiboa lekuz aldatu arren, kontsultak hemen egin behar dira"
Zer eraman behar duzue Markuletera?
Dokumentu administratiboak, eta, horien artean, gutxien erabiltzen direnak. Udaletxean geratuko dira dokumentazioaren azken 15 urteak eta artxibo historikoa. Gainerakoa eramango da Markuletera.
Zelakoa da?
Batez ere, Udalak eguneroko jardueran sortutako dokumentuak. Aktak-eta, adibidez, hemen mantenduko dira, baina obretako, kulturako espedienteak… hara eramango dira.
Pabiloi berria eraikiko da Markuleten horretarako?
Ez. Udalak hiru pabiloi industrial ditu, eta asmoa da bat erabiltzea biltegi moduan, egokituta, tenperatura, hezetasun… aldetik. Planteatzen ari dira artxibo automatikoa egitea, Ulmak Jaurlaritzan jarri zuenaren modukoa: alturako almazenajea egiten da, pabiloiak daukan altuera aprobetxatuta, eta gero sistemak berak automatikoki aurkitzen du behar den kutxa edo espedientea.
Proiektua eginda dago?
Bileretan gabiltza, baina, oraingoz, ez dago ezer. Aurrekontuetan kopuru bat onartuta dago (300.000 euro) proiektua aurrera eramateko, eta behar-beharrezkoa da egitea. Pentsatzen dut agintaldi honetan gauzatzeko moduan izango dela. Dena den, proiektua idazteke dago.
Behin hara eramanda, kontsultak non egin behar dituzte herritarrek?
Orain arte moduan: BAZera joanda edo hona etorrita; instantzia bete, dokumentua eskatu eta kontsulta egiteko hona etorri beharko da; hau da, Markuleteko joan-etorria guk egingo dugu.
Batez ere, zer kontsultatzen da Udal Artxiboan?
Genealogia oso modan dago. Arkitektura ikasleek ikasketa bukaerako proiektuan erabiltzeko… Edo kontu administratiboetarako.


