Pena da, txapelketako lehenengo jardunaldia jokatzeko Arrasatekoen kontrarioak Santandertik etorri zirelako: "La Magdalena Santanderreko elkarte ospetsu bat da; hamaika Grand Slam irabazitako Vivi Ruano tenislariaren anaiak eta hamaika urtez haren jolaskide eta entrenatzaile izandako Juan Ramon Ruanok zuzentzen dute taldea. Ruano bera etorri zen etorkizun handiko gaztetxoz osatutako taldea zuzentzera, eta bera ere praka motzetan aritzeko intentzioaz agertu zen Arrasaten", adierazi dute AKE tenis elkarteko lagunek.
Baina zoritxarrez tenis partiduetako emaitzak ez ziren albiste izan: "Hezetasunak eta batez ere pistaren albo batetik sartzen den euri arinak erabat busti zuen pista. Oso labainkor zegoen zorua, eta Santanderkoek esan zuten egoera horretan ez zutela jokatuko. Ondorioz, AKE Elkarteko kideak ordu eta erdiz pista lehortzen ahalegindu ginen, baina ezin. Urduri ere jarri ginen etxekoak, pista bakarrean jokatuta jardunaldi amaigabea izango zelako eta pena zelako entrenatzen ibili ostean etxera jokatu gabe erretiratzea". Eta hala izan zen, 09:00etatik 18:00ak arte egon baziren ere hainbat norgehiagoka ez zituzten jokatu.
AKEkoak, haserre
"AKE Elkartekoen amorrua izugarria izan da, jardunaldia galtzeagatik baino gertatutakoagatik. Izan ere AKE Elkarteak bi urte daramatza Aukeari pisten ingurua plastiko batzuekin tapatzeko eskatuz, hasieratik elkarteak berak tapatzeko materiala erosiko zuela esanez, hau da, Aukeari kosturik txikiena suposatuko liokeen konponbidea eskainiz. Dozenaka aldiz eskatu du elkarteak konponbide bat, neurriak hartzeko, merkeak eta eraginkorrak izan daitezkeenak, baina Aukearen moteltasunak domekakoa bezalako jardunaldi tristera eraman du elkartea".