"Zorionez, aurreko gobernuak egindako lan bikainaren ondorioz, kontuak nahiko saneatuta dauzkagu gure Udalean. Badaude beste udal batzuek igoerarik ezin dituztela inolaz ere aurreikusi, kontuak ez daudelako batere ondo. Zailtasunak ditugu, noski baietz, baina prudentzia handiarekin jokatu izan da, eta Udalaren egoera ona dela esan daiteke", adierazi du Maider Morras zinegotziak, Pertsonal Saileko arduradunak.
Edozelan ere, Morrasek azpimarratu gura izan du Udal aurrekontuan KPIren igoera hori aurreikusita dagoen arren, oraindik begira dabiltzala zela aplikatu behar duten.
Aurrekontuko zatirik handiena
Udaleko kontu orokorretan sartuta eta Arrasate Irratian emandako xehetasunen arabera, Arrasateko Udaleko aurrekontuaren zatirik handiena Pertsonal Sailak gastatzen du: %31. Kopurutan begiratuta, 9.678.000 euro erabiliko ditu Pertsonal Sailak, gehiena pertsonal gastuetarako.
200 funtzionario pasa
Langile kopuruari dagokionez, berriz, Arrasateko Udalak 251 behargin ditu. Horietatik 180 finkoak dira eta aldi baterakoak, berriz, 71. Beste datu bat: guztien artean, 205 langilek dute funtzionario izaera, eta datozen urteotan, gainera, kopuru hori ez da aldatuko, Espainiako gobernuak ezarritako murrizketen ondorioz: "Murrizketa itzela dator Espainiako gobernutik, ezin da lanpostu finkorik sortu. Aldi baterako lanpostuak sortzeko, berriz, oso ondo oinarrituta egon behar dira, eta erantzun behar die oinarrizko beharrei. Enplegua sortzeko arazo handiak izango ditugu, beraz, nahiz eta guk ahal eta behar izan".
Zerbitzu ona
Hala eta guztiz ere, Maider Morrasek nabarmendu gura izan du Arrasateko Udaleko lan-taldea "nahiko egonkortuta" dagoela, gehienak funtzionarioak direla, eta oro har, "poliki-poliki beharrezkoak ikusten dituzten lanpostuak egonkortzen eta funtzionario bihurtzen" saiatuko direla. Eta gaineratu du, orokorrean begiratuta, Udaleko Pertsonal Saila "oso ondo antolatuta" dagoela eta "lanpostu nahikoa" badagoela herritarrei zerbitzu ona emateko.