Berdintsu hasi diote lehiari bi taldeek, indarrak parekatuta. Hala, etxekoek gola egin, eta, ondoren, kanpotarrek ere barrura. Baina hamargarren minututik aurrera, Herreroren mutilak hobeto defendatzen hasi dira eta lau goleko errenta ere eskuratu dute. Arrasatearrek izan dute hutsegite bat edo beste erasoan, baina defentsan eginiko lan onari esker, eskuratutako alderi eustea lortu dute. Hala, bost goleko aldeaz joan dira atsedenaldira (15-10).
Bigarren zatiari ere ondo ekin diote etxekoek eta euren atea ondo defendatu dute aldea handituz (22-16). Une batez oharkabetu egin dira baina, eta Romokoek ondo aprobetxatu dute aukera hori aldea bost golera murrizteko. Arrasatearrek ez dute jakin ondo aukeratzen atera noiz bota eta gol aukera dezente galdu dituzte. Kanpotarrek baloia berreskuratu eta azkar egiten zuten gora, etxekoen defentsa prestatu gabe zegoela aprobetxatuz gola egiteko. Baina arrasatearrek berriro berreskuratu dute partiduaren kontrola eta aldea handitu. Amaieran 32 eta 22.
Igoera fasea
Ane Herrero entrenatzailea oso pozik zen norgehiagokaren ostean, izan ere, helburu bikoitza lortu dute gaurko partiduarekin: irabaztea eta igoerako faserako txartela eskuratzea. “Aurreko urtean bezala, berriro joan nahi genuen fasera. Hori zen gure helburua eta dagoeneko lortu dugu bost partiduren faltan”.
Gaurko lehia irabazita sailkatu dira jada. Izan ere, Romo hamaika puntura zuten eta gaur irabazita hamahirura utzi dute, eta denboraldia bukatzeko 10 puntu gelditzen dira jokoan. Beraz, arrasatearrek lehen mailara igotzeko fasea jokatuko dute.