Domekan, bazkari bikainak, pilota taldeari esker

Ubane Madera 2012ko otsailaren 25a

AGT-Arrasate Pilota Taldeak zozkatutako angulek eta bisiguek badituzte jabeak: Mertxe Arana eta Andoni Ruiz de Azua, hurrenez hurren. Biek ala biek bihar, domeka jango dituzte irabazitako gutizia horiek, familian batak eta koadrilan, besteak.

Manex Bengoa gazteak (argazkian) saldu zion amama Mertxe Aranari angulen saridun txartela. Eta atzo, egubakoitza, berarekin joan zen Eguren arrandegira sari bila. Amamak kontatu zigun "domekan denondako bazkari" bat egin eta angulak familian jateko asmoa zutela. Aitortu zigun pare bat urte daramatzatela angulak jan barik eta ondo asko desberdinduko zituztela gulengandik. 

Bisiguak, koadrilan

Andoni Ruiz de Azuak, berriz, kontatu zigun berak irabazitako bisigu biak laban erretzeko asmoa zuela, "koadrilan sei bat lagun elkartu" eta bapo bazkaltzeko asmoa zutela, bihar, domeka. "Urtean pare bat bider" bisigua jateko ohitura du Ruiz de Azuak, "Orio bertan dago-eta"; oraingoan, baina, ez du Oriora joan beharrik izango.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak