San Andres auzoko planeamenduari dagokionez, Udalak jakinarazi du "Azeri esparruaren antolamendu berriarekiko aurkakotasuna adierazten duen ekarpen bat" jaso dela, "278 pertsonen sinaduren sostenguaz aurkeztuta. Gai horren harira, Udalak gogora ekarri du epaitegietan dagoela, eta edozelan ere, "HAPOren berrikuspenean" aztertuko dutela, gainerakoekin batera.
Auzotarren salaketa
Bada, horrekin lotuta, auzoko hainbat bizilagunek egitasmo hori salatu gura izan dute. Gaia epaitegietan egonda, "ez dute ulertzen" Udalean atzera ere gai berarekin segitu gura izatea. "Ze interes daude ezkutuan Arrasateko Udalak bere horretan segi dezan? Beste ustelkeria urbanistiko baten kasuan ote gaude?" galdetzen dute. Gaineratu dute auzotarrek ez dutela garajerik eraikitzerik eskatu, eta aparkaleku gabezia herri osoko arazoa dela, ez bakarrik San Andreskoa. Azpimarratu gura izan dute, era berean, ez daudela etxeak eraikitzearen kontra, baina eskatzen dute Polmetasaren lursailaren barruan eraiki ditzatela, eta ez "Cordoba y Oro plaza okupatzen".
Udalatx, aurrekari arriskutsu
Udalatxeko harrobiari dagokionez, 413 ekarpen jaso ditu Udalak. Orokorrean, salatu dute harrobi mota hori "justifikatuko duen harri eskaririk" ez dela egongo; "eskariaren ehuneko handiena gure lurraldea txikitzen duten makropoiektuak elikatzeko" dela; "Udalatxeko urak arrisku larrian" jarri ahal dituela; "interes merkantilistak bultzatuko" dituela eta besteak beste, "kareharrian egindako lehen barne harrobia izanik, Euskal Herriko beste hainbat mendiren (Anboto, Aizkorri) barne ustiapenerako aurrekari" izango dela.