Unesco Etxearen nazioarteko lehiaketa irabazi du Iban Gonzalez arrasatearrak

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 21a

Iban Gonzalez arrasatearrak irabazi du Unesco Etxeak antolatu duen nazioarteko ikus-entzunezkoen lehiaketa. Eman minutu bat bakearen alde da lehiaketaren izenburua. Eta Iban Gonzalezen lan sarituaren izenburua, Nos-otr@s. Lehiaketaren helburua da gogora ekartzea eta salatzea "egunero milioika lagunen eskubideak urratu eta bidegabekeria sozial handiak" daudela.

Lehiakideek minutu bateko ikus-entzunezko laburra egin behar izan dute.

Sari banaketa ekitaldia Bilbon egin dute. Ekitaldian, aurreko edizioko dokumentala ikusteko aukera izan da. Gerard Franquesak egina eta Senegalen bizi duten egoeraren gainekoa. Uraren gabeziak hainbat herrialdetan sortzen dituen arazoa zen gaia.

Dokumentala grabatzeko aukera

Iban Gonzalez datozen hilabeteetan Kongoko Errepublika Demokratikora joango da, dokumental generoko film labur bat egitera. Unesco Etxeak eta Unescok herrialde hartan duen ordezkaritza, aholkulari izango ditu Gonzalezek.

Beste bi sari banatu ditu aurten lehiaketa horrek, arrasatearraren sari nagusiaz gain: batetik, Bake Kulturaren aldeko Unesco Etxea Saria, Mikel Zenekorta basauriarrak jaso du, Y nosotros sin saber… lanarengatik. Bestetik, 18 urtetik beherakoei zuzendutako Ekin eta Egin kategorian, Maria Casanueva getxoztarra izan da garaile ¿Con qué visión del mundo te quedas? bideoarekin.

Etxezarretan grabatua

Iban Gonzalezek Etxezarretan, Arrasaten, Bergararekin muga egiten duen paraje bakarti, gertuko eta ederrean grabatu du ikus-entzunezkoa. Unai Gonzalez, Ibanen semea, da bideoaren protagonista, eta aktore bakarra. Ziragararria da mutikoak egiten duen lana.

Saritutako hiru ikus-entzunezkoak Unescoren bideo kanalean daude ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak