"Ze pena!". "Eta non erosi behar dugu orain?", komentario horiek dira gaur Ceciaga barruan gehien entzuten direnak, izan ere, gaur 06:00etan joan dira dendaren itxiera iragartzen duen letreroa ipintzera, eta halaxe enteratu dira bezeroak eta inguruan dabiltzan herritarrak.
Mende erdia lanean
Pena bezeroen artean, eta pena handia, baita ere ugazaben artean. 55 urte egin ditu Rosaritok dendan lanean, 40 Loli ahizpak. Eta osasun arrazoiek aginduko ez balute, gustura segituko lukete bertan. Baina ezin horrela izan eta agur esateko sasoia iritsi zaiela kontatu dute. "Lan handia egin dugu, bakarrik gorriz dauden egunetan ixten dugu guk denda. Baina gustura ibili gara lanean, ze herritarrekin (emakumeekin, batez ere) lortu dugun harremana oso polita da. Konfesatoki moduko bat izan da denda hau askorendako. Nora noa penak kontatzera? Ceciagara! Askok egiten dute hori", kontatu dute.
"Ume zireneko patukoetatik hasi, eskolarako amantalekin segitu, Maritxutako jantzia ondoren eta guraso egin ostean, euren alabak etorri dira hona. Belaunaldi asko pasatu da hemendik", gaineratu dute.
Dendara sartu eta bertan dagoen mugimendu izugarria ikustea besterik ez dago hori horrela dela egiaztatzeko: lau saltzaile, hamaika bezero (edo gehiago). "Eta gu bizkorrak gara, eta badakigu jendeak zer gura duen, eh?". Hala ere, denda beti beteta. Arrazoia: "Hemen denetik izan dugu beti: umeendako, gazteendako, emakumeendako, gizonezkoendako… kuleroak, galtzontzilloak, sujetadoreak, galtzetinak…"
Izan ere, Karrikirirekin batera, Ceciaga da Arrasaten urte gehien zabalik daramatzan denda. Eta eskola hori ez da beste inon eskuratzen, eguneroko lan jardun fin-finenean baizik.
Orain, beraz, burukomin handia izango dute arrasatear eta inguruko askok orain arte Ceciagak eskaintzen ziena beste nonbaiten aurkitzen. Hori egin aurretik, baina, hortxe azkeneko aste-hilabeteak horrenbeste urtean zerbitzu eman dien dendari eta dendariei bisita egin eta agur esateko. Bertako langileak gertu daude, betiko moduan, bezeroei behar den moduko arreta emateko.