Aratusteetarako dena gertu, sardina barne

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 16a

Arrasateko Aratusteak agurtuko dituen sardina gertu dago, azken erremateak bakarrik falta zaizkio. Martitzenean herri osoaren aurrean erre ahal izateko SUDC elkarteko Andoni Altzelai, Jose Luis Albes eta Mikel Sanzberro aritu dira lanean azken asteetan: "Duela hiru aste-edo hasi ginen sardina egiten, eta goizero elkartu izan gara hemen", azaldu du Altzelaik SUDCek Nafarroa etorbidean duen egoitzan. Urtero moduan, ia bost metroko luzera du sardinak eta kanpotik egurra eta barrutik egunkariak ditu bereziki.

Hirugarren urtea da aurtengoa sardina SUDCeko kideek egiten dutena. Hainbat urtetan zehar Crisanto Margusinok egin izan zuen sardina eta hari lekukoa hartzeko elkartu ziren Altzelai, Albes eta Sanzberro: "Ez da lan zaila, ez da teknikoegia, baina ordu batzuk sartzea eskatzen du. Egurrezkoa da gehienbat eta barrutik periodiko ugari ditu, 500 bat ale bai. Eta detaile moduan begietan linterna txiki batzuk sartzen dizkiogu gauean ikusgarriagoa izan dadin". Pisu handia hartuko du beraz, baina 12 lagunen artean eramango dutenez ez du arazo handirik suposatzen. 

Erretzera kondenatua

Martitzenean helduko zaio eguna sardinari. Egitarauan ez dago nobedade handirik: SUDCekoek Alkartu elkarte gastronomikoan afaldu ostean Nafarroa etorbidera joango dira sardina jaso eta herrian zehar desfilea egiteko. Azkenik, gauerdi aldera Herriko plazara eramango dute, herri osoaren aurrean sardina erre eta Aratusteak 2013ra arte agurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak