Ane Herrero Ford Mugarriko entrenatzailea pozik zegoen partidu amaieran. "Ondo hasi dugu hasieratik, serio eta kontzentratuta eta, egia esateko, uste bezain zailtasun gutxiago izan ditugu garaipena eskuratzeko. Hala ere, betiko moduan, lan handia egin behar izan dugu partidua irabazteko. Talde osoak erasoan zein defentsan egindako lana goraipatuko nuke".
Atsedenaldirako partidua erabakita zegoen. 16-7 ziren aurretik Ford Mugarrikoak. Etxekoek beste 13 gol egin zituzten bigarren zatian, horietako batzuk ikusgarriak benetan. Defentsan ere bikain jardun zuten arrasatearrek eta Asier Valle atezainak lan aipagarria egin zuen. Geldiketa bikainak egin zituen zapatuan. Askartzakoek nahiko lan izan zuten etxekoen defentsan zirrikituren bat topatzeko. Iturripera joandako zaleek etxekoen jokoarekin gozatu zuten zapatuan.
Hurrengoan, derbia
Esan bezala, Ford Mugarrik sendo jarraitzen du lidergoan. Errekor denak hausteko bidean dira. Golei dagokienez, 599 egin dituzte orain arteko partiduetan eta 450 egin dizkiote. Hurrengo jardunaldian Bergarari egingo diote bisita. Joaneko partiduan, Iturripen, 33-29 nagusitu ziren arrasatearrak.