"Batukada tailerrean hasieratik hasiko gara tresnak jotzen"

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 11

Tailer berria jarriko dute martxan martxoan: batukada feminista tailerra. Ikastaroa 30 ordukoa izango da, eta Emakume txokoan egingo dute. Ainara Sarasketa ibiliko da horretan irakasten, eta tailer horren nondik norakoak azaldu dizkigu datozen lerroetan.

Zelatan irten da tailerra egiteko ideia?
Jabetza Eskolatik beste hainbat herritan egin izan dute batukada ikastarorik, eta interesgarria iruditzen zitzaigun Arrasaten ere horrelako zerbait eskaintzea.

Nori dago zuzenduta?
Edozein emakumeri. Ez dago musika edo perkusio maila berezirik izan beharrik; ikasteko eta ondo pasatzeko gogoa besterik ez. Hasieratik hasiko gara, talde-lanean, tresnak ezagutu eta probatuz ikasten joango gara.

Noiz hasiko da ikastaroa?
Martxoaren 3an hasiko da Emakume txokoan. Otsailaren 18an hasteko asmoa genuen baina Arrasaten Aratusteak direnez, atzeratzea pentsatu dugu. Hasierako saio hori, beste egunen batean errekuperatzea da asmoa. Ikastaroaren iraupena 30 ordukoa da; hain justu ere, hamar saio honako egunotan: martxoaren 3, 17 eta 31n; apirilaren 21ean; maiatzaren 5 eta 19an, eta ekainaren 2, 16 eta 23an. Azken egun horretan, Sanjoanetan, jendea animatuko balitz, ikasitakoa kalera ateratzeko asmoa dugu, batukada taldearekin kalejiratxo bat eginez.

Zu ibiliko zara irakasle lanetan...
Bai, Arantxa Vicedorekin batera. Arantxa musikari eta konposatzailea da eta Sabur taldeko abeslari eta gitarra-jolea. Horretaz aparte, Donostiako Taupada batukada taldean dabil tresna ezberdinak jotzen eta gidaritza-lanetan ere. Ni perkusio-jole edo zale amorratua naiz... aspaldi hasi nintzen perkusio afrikarra ikasten, eta gero, batukadan sartu nintzen, orain bateriarekin ere ari naiz... Pare bat urte eman nituen Donostiako La Tribu taldean eta azkenaldian Azkoitiako BoTaPa taldean jotzen dut.

Nolakoa izango dira eskolak?
Praktikoak. Hasieratik hasiko gara tresnak ezagutzen eta jotzen, erritmoak osatzen. Lehenengo egunean sarreratxo bat egingo dugu. Asmoa talde-lanean ikastea da, tresna bakoitzak duen garrantziaz eta taldearen osotasunaz jabetzea, elkar entzunez. Bizpahiru erritmo ikasiko ditugu baita erritmoek dituzten korteak ere. Horrez gain, ikastaroan parte hartzen dugunon artean beste erritmo berri bat sortzen saiatuko gara.

Interesatuek nora jo behar dute?

Izena Emakume txokoan eman behar da, inprimaki bat betez. Astelehenetik eguenera dago hori zabalik, 11:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara; eta egubakoitzean, 10:00etatik 14:00etara. Bestalde, 943 79 41 39 telefono zenbakira deitzea edo emakumetxokoa@arrasate-mondragon.net helbidera idaztea ere badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak