Goikobalu abesbatzak bizirik eta osasuntsu dagoela erakutsi zuen atzo Kulturaten egindako aurkezpen ekitaldian. Bizirik, ia 23 urteren ostean oraindik ere ekimenak aurrera eramateko gogoz daudelako, kaleratu berri duten DVD-CDak erakusten duen moduan. Eta osasuntsu, etorkizunerako haziak landatu dituztelako. Hazi horietako bat, Goikobalu Gazte izan zen atzoko ekitaldiari hasiera eman ziona, Rakel Murgiondoren piano doinuek lagunduta abestu zuten John Lennonen Imagine abestiarekin.
Lehenengo pieza honen ostean abesabatzako arduradunek hartu zuten hitza: Iñaki Maidagan zuzendariak, Juan Antonio Barriocanal presidente ohiak eta Joxe Mari ganboa egungo presidenteak. DVD-CDaren grabaketa egiteko ideia nondik nora izan zuten azaldu zuten, baita ze material jasotzen duen eta Bedoñako elizan egindako grabazioa nola izan den ere.
Eskerrak ere eman zikieten kaleratu berri duten DVD-CDak argia ikusi ahal izateko lagundu duten guztiei eta azkenaldian egiten ari diren Donejakue bideari buruz ere egin zuten berba, esanaz Leon eta Atorga izango direla hurrengo euren helmugak. Aurkezpen labur honen ostean, Goikobalu Gazteren beste pieza batekin eta Goikobalu Txikik abestutako kantu nahasketa batekin eman zitzaion amaiera ekitaldia. Baina Goikobaluren talde nagusiak ere astindu zeun eztarria, aurkezpenaren osteko luntxean Euskal Herriko doinua abestu zuten-eta.
Abesbatzaren historia jasotzen duen eta Arteman enpresak egin duen DVD-CDa eskuragarri dago dagoeneko, 15 euroren truke, herriko hainbat denda eta tabernatan: Kajoi, Itzala, Zuk Nahi, Monte taberna, Landaluze harategia, Hiper Eroski, Goxo-goxua eta Eyan.