Iaz hainbat proiektutan egin zuen lan Mundukidek: Mozambikeko Marrupa, Montepuez eta Majuneko Programetan; Brasilgo Paranako Programan, MSTrekin batera; eta Kubako Holguingo Programan, Azukrearen Ministerioarekin (MINAZ) batera. "Programa horietako batzuek oso garapen positiboa izan dutela emaitzei eta lan bolumenari dagokienez, eta batez ere Mozambikeko proiektuez ari gara, non gaur egun 2.500 pertsona baino gehiagorekin dihardugun lanean hiru proiektuetan.
Beste batzuetan, berriz, Brasilen eta Kuban esaterako, hainbat zailtasun izan da 2011n; ondorioz, zenbait jarduera eta emaitza atzeratu egin da. Urte bukaerarako, Brasilen arazoak onbidean zeuden eta lan erritmo onean zebiltzan berriro. Kuban, aldiz, Proiektuko arazoak normalizatu barik zeuden, baina gaiak desblokeatze bidean zeuden 2012an normaltasunez lan egin ahal izateko", esan dute.
30 boluntario
Mundukiden 30 boluntario daude, bakoitza bere dedikazioarekin eta zereginarekin. 2012rako duten helburu bat boluntarioen parte hartzea hobetu eta handitzea da. "Egoitzan diharduen pertsona taldeaz aparte, 2011n lankideen talde osoa aldatu da ordezkapenen eta lanean hasi berrien ondorioz. Aldaketa horiekin, baina, lankide horietako batzuk proiektu batetik bestera pasatzea lortu dugu eta lehenago gurekin beste proiektu batzuetan lan egindako pertsona batzuk berriz geureganatu ditugu", esan dute.
400.000 eurotik gora
Administrazioen dirulaguntzak behera egin duten arren, 2011 urtea nahiko ondo bukatu dute. "Lorpen horren zati handi bat Mundukiderekin lankidetzan diharduten kooperatiben konpromisoari eta inplikazioari zor zaio. Kooperatiba horiek beren konpromisoari eutsi diote 2011n zehar; izan ere, kooperatiba guztion artean 400.000 eurotik gora jarri dute, gogoan ditugun azken urte oparoetan baino askoz ere gehiago erlatiboki", diote.
Dena den, badakite 2012 urte zaila izango dela: "Garapenerako lankidetzako aurrekontuetan izandako murrizketen ondorioz, eta autonomia erkidego askotan halako funtsak desagertzearen ondorioz, ikusten da 2012ko agertokia guztiz konplexua eta lehia handikoa izango dela. Gure lanari eutsi eta planeta honetako pertsona behartsuenei laguntzen jarraitzea espero dugu. Horretarako, denon konpromisoa behar dugu".