Arrasateko Udaleko Ongizate sailean jasotako laguntza eskaerak gora eta gora, krisiagatik

Goiatz Arana Begiristain 2012ko otsailaren 9a

Arrasateko Udaleko Ongizate batzordeburu Amaia Larrañaga Arrasate Irratian izan da gaur, eguena, goizean. Beharrak handiak direla adierazi du, baina ahalegin guztiak egingo dituztela horiei erantzuteko, baita sail horretara aurreikusitakoa baino diru gehiago bideratu behar badute ere. Garai zailak bizi ditugula aitortu du eta ezkor agertu da 2012ari dagokionean; edozein kasutan, baikorrak izaten ahalegindu behar dugula azpimarratu du.

Krisiaren ondorioz, lehen baino jende gehiago doa orain Ongizate sailera. Beharrak areagotu egin dira eta, arrazoi horregatik, Arrasateko Udalak lehenetsi duen sailetako bat izan da Ongizatearena: ez dute diru partidarik murriztu, mantendu edo gehitu baizik, Amaia Larrañaga batzordeburuaren esanetan, Bildutik argi dutelako beharra dutenei eta, batez ere, baztertze arriskuan daudenei lagundu egin behar zaiela Udaletik.

2.300.000 euroko aurrekontua

2.300.000 eurokoa da Ongizate sailaren aurrekontua, eta pobreziaren kontrako planera eta babes gabeetara –adingabeetara bereziki– bideratu dute diru gehien, 400.000 eta 150.000 euro hurrenez hurren, eta horrekin aski izaten ez bada, ez dute baztertzen diru gehiago ipintzea ere.

Eskubide berdinak ditugula denok eta baremo barruan sartzen diren denei dagokiela laguntza esan du, baina ukatu egin du eskatzaile gehienak etorkinak direnik: "%30 dira etorkinak; gainotzeko %70 bertako jendea da".

Lan falta da uneotan arazo iturri nagusia eta hipoteka ordaintzeko izan daitezkeen zailtasunen beldur dira. Edozein kasutan, halakoak saihesteko euren esku dagoen dena egingo dutela azaldu du.

Baikorrak izaten ahalegintzeko deia

Eusko Jaurlaritzari laguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak gehiegi zorroztea egotzi dio eta Diputazioari dagokionean esan du Iturbide egoitza eta etxez etxeko laguntza adibidez bere eskumena diren arren, momentuz Udala ari dela horien kargu egiten. Garai zailak direla aitortu du, baina baikor izaten ahalegintzeko eskatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak