Bada, eguazten iluntzean Arrasateko Iturripen ikusi genuen, txandala jantzita, entrenatzaile lanetan.
Arrasateko senior mailako mutilekin saio bat egitera etorri zen eta Ane Herreroren mutilek pozik hartu zuten Dueñasen bisita. Entrenamenduan ehuneko ehuna ematen ikusi genituen: "Horrelako entrenatzaile batekin saio bat egin ahal izatea sekulakoa da guretako. Oso entrenamendu ona izan da, bai fisikoki, baita teknikoki ere. Uste dut inkontzienteki izan bada ere, beste egun batzuetan baino askoz motibatuago geundela. Gainera, oso gertuko egon da eta txantxaren bat edo beste ere egin du", kontatu zigun entrenamenduaren amaieran Kepa Isasimendi jokalariak.
Dueñas bera ere pozik
Pablo Gartzia oñatiarra entrenatzaile ikasketak egiten ari da Durangon, eta irakasle du Dueñas; modu horretan lortu du Arrasatera ekartzea. "Oso saio interesagarria egin du. Batez ere, jokoari jarraikortasuna nola eman landu dute, hori baita askotan Aneren mutilei falta zaiena", kontatu zigun.
Dueñasek berak saioaren amaieran zoriondu egin zituen arrasatearrak. "Ez dakigu kunplitzearren egin duen, baina halako hitzak entzutea ohorea izan da", zioen Isasmendik.