"Eredu sozioekonomiko alternatibo baten beharra premiazkoa da Euskal Herrian eta nazioartean"

Txomin Madina Milikua 2012ko otsailaren 8a

Alternatiba, Aralar, EA eta Ezker Abertzaleko Debagoieneko hainbat ordezkarik agerraldia egin dute gaur Arrasaten "martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari " aurre egiteko eskatzeko. Herritarrei zapatuan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioetara joateko deia ere egin diete, eta gogoratu Debagoienetik Donostiakora irtengo direla autobusak.

Alternatiba, Aralar, EA eta Ezker Abertzaleko Debagoieneko hainbat herritako zinegotzi eta ordezkarik  Arrasateko Kulturaten egindako agerraldian azaldu dutenez mundu mailako krisi sistemiko baten aurrean gaude eta herrialde ezberdinetan ongizate sistema, elikadura, ingurumena, bizi baldintzak eta giza eskubideen urraketa eta xahutzea ari dira ematen etengabe.

Gaineratu dute Euskal Herriaren kasuan, horri guztiari "burujabetza politiko eta ekonomikoaren ukazioa" gehitu behar zaiola, eta adierazi dute herri bati baliabide politiko, instituzional eta ekonomikoak ukatzean, merkatuekiko menpekotasuna areagotu egiten dela.

Raxoiren gobernuaren ekimenak gogor kritikatu dituzte. Hala, salatu dute zorpetze publikoa murrizteko aitzakiapean  sektore publikoa murrizteko hamaika naurri hartu dituztela; eta gaineratu dute lan harremanen esparrua liberalizatu eta langile baldintzak "are gehiago" kaskartzeko erreformaren aurrean aurkitzen garela. "Hori gutxi balitz, finantza sektorea denon diruarekin ureztatuko dutela iragarri da" gaineratu dute. Raxoiren gobernuaren neurriak beharrizan gehien dituztenen kontra zuzenduta daudela ere erantsi dute.

Salatu dute baita ere aurretik aipatutako guztia erabilita "oso nabarmena" dela estatuaren baitan zentralizazio prozesu bati ekiteko asmoa; zehaztu dutenez "nabarmena da menpekotasun politiko eta ekonomikoa areagotzeko saiakera eta erabakia".

Erantzun sendoa eta alternatiba

Horrek guztiak erantzun sendo bat eskatzen duela gaineratu dute agerraldian zehar; herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, ahal balitz denek batera, "erreforma neoliberal eta zentralizazio prozesuari aurre egin behar dietela" azpimarratuz. Erantzunaz gain, burujabetza poltikoa eta ekonomikoa oinarri izango duen alternatiba baten beharra dagoela ere esan dute, eta alternatiba horrek "eredu berri baterantz bidea markatu" behar duela, "funtsean ezkerretik eraikitako Euskal Herria sortzeko, pertsona guztien eskubide eta eta aukera berdintasunean".

Zapatuko manifestazioak

Norabide orokor horretan, herritarrei eta eragileei kalera ateratzeko deia egin diete. "Eredu sozioekonomiko alternatiboaren beharra da premiazkoa da Euskal Herrian eta nazioartean" aldarrikatu dute, eta azaldu bide horri  "tinko" helduko diotela.

Era berean, ageraldia aprobetxatu dute datorren zapatuan Bilbon, Gasteizen, Donostian eta iruñean Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku. lelopean burutuko diren manifestazioen berri emateko. Debagoiendarrei Donostiako manifestazioan parte hartzeko deia egin diete, eta bertara joateko antolatu diren autobusetako tiketak erosteko gogoratu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak