Ia bi orduko batzarrean erabaki garrantzitsuak hartu zituzten atzo Kulturaten batu ziren Mondrako bazkideek. Mondrako kontuak errepasatzeko abenduan sortu zen batzordeak gogotik egin du lan azken bi hilabeteotan, eta batzarrean Fernando Urangak, Ainhoa Gallastegik eta Lorenzo Gonzalezek hartu zuten auditoriak eman dituen zifrak azaltzeko ardura –abenduaren 5era arteko kontaketa egin dute. Emaitza: Mondrak abenduan aurreikusi baino zor handiagoa du, 43.686 euro gehiago, guztira 79.861 euroko zorra.
Zifra dantza handia
Zifra dantza handia egon zen batzarrean. Mondrak duen zor handiena AUKEArekin (21.428) eta Araba garraio enpresarekin du (25.656). Horrekin batera Mondrak dirua zor dio Athlon enpresari –kirolarien azterketa medikuengatik–, Astoreri (8.999) eta hainbat entrenatzaileri (12.200 euro). Zenbateko horiei dagokionean, arlo batzuetan kudeaketa txar baten ondorioa da, eta beste batzuetan utzikeria. Esaterako, AUKEAren zorraren kasuan, AUKEAk diru kopuru bat kobratzen dio klubari bertako jokalariek Mojategiko instalazioak erabil ditzaten, eta aldi berean, klubeko ordezkari kopuruaren arabera (jokalari, entrenatzaile, klubeko ordezkari...) diru-laguntza bat ematen dio AUKEAk Mondrari –eta gainontzeko kirol klubei–. Bada, Mondrak ez zituen aurkeztu diru-laguntza hori jasotzeko beharrezkoak diren dokumentuak, eta hortik dator "zuloa".
Horrekin batera, abenduan presidenteak adierazi zuen Gipuzkoako Federazioarekin talde zuri-moreak ez zuela zorrik, eta ia 6.000 euroko zorra azaldu da. Eta gauza bera entrenatzaileei ordaindu beharreko kopuruaz; klubeko entrenatzaileek 200 euro kobratzen dituzte hilean egiten duten lanagatik, baina euretako askorekin zorretan zegoen kluba. Bestalde, badira Mondrak kobratzeke dituen hainbat diru-sarrera ere; Udalak Ardoaren Egunagatik ordaindu beharrekoa (3.600 euro) eta Realeko hitzarmenetik kobratzeke geratzen dena (2.300).
Kudeaketa "kaotikoa"
Hala, Mondrako arlo ekonomikoa errepasatzen iblii den lan-taldeak kaotikotzat jo zuen orain arte egin den kudeaketa: "Sekulako nahasmenarekin egin dugu topo, eta espero dugu datozen hilabeteotan zor gehiago ez azaltzea". Alde horretatik, hainbat bazkide lehenengo presidentearen gainean txarto esaka hasi zirenean batzordeko ordezkariek garbi egin zuten berba: "Guk ez dugu uste Mondraren kontura inor aberasten ahalegindu denik; beste barik, kudeaketa txarra egin da, oso txarra".
Auditoria egin ahal izateko, Fernando Urangak azpimarratu zuen Mondrako kontu korronteetako eta diru-kutxako mugimenduak hartu dituztela kontutan, "betiere presidenteak emandako datuak oinarri hartuta". Hala, auditoria egin ahal izateko zituzten datuekin batuketak eta kenketak baino ez dituztela egin aitortu zuen Urangak, ez dutelako gehiagorako gaitasunik.
Behin-behineko batzordeak hartuko du Mondra zuzentzeko ardura
Datu ekonomikoak errepasatu ostean –eta presidentearen dimisio-orria irakurrita– Mondrako bazkideek erabaki zuten aurrera egiteko ordua zela, erabakiak hartzeko ordua. Mondrako kirol arloan lanean ibili diren Manu Arroyok eta Juan Luis Uribesalgok ere dimisioa aurkeztu zuten –horiek batzarrean egon ziren– eta egunotan harremanetan jarriko dira eurekin, kirol arloan egiten dabiltzan lana estimagarria eta baloratzekoa delako; hala, balio gabe geratu zen lehengo zuzendaritza taldea.
Fernando Urangak onartu zuen egunotan hainbat lagun batu direla behin-behineko batzorde bat osatzeko asmoz [ez da zuzendaritza talde bat izango], eta bazkideek hala aukeratzen bazuten, batzorde hori arduratuko zela aurtengo denboraldian, eta datorrenean, Mondra zuzentzeko: "Asmoa da Mondraren egoera zuzendu ahal izatea, gestio plan bat egin beharko da horretarako, eta zorrak zelan txikitu aztertu beharko da". Gai horrek luze jo zuen. Batetik, Mondrako presidenteak azken datu ekonomikoak atzo bertan aurkeztu zituelako, eta horiek oraindik aztertu barik zeudelako. Eta bestetik, behin-behineko batzorde horrek datozen asteotan zor handiagoak azaltzen badira neurriak hartzeko gaitasuna izatea eskatu zuen, "bestelako neurriak hartu behar badira". Eta, bozketa bidez Mondrako bazkideek eskubide osoa eman zioten batzorde talde berri horri.
Taldea osatuko dutenak
Behin-behineko batzorde talde hori lehenbailehen hasiko da Mondraren egoera zuzentzeko lanean. Euretako batzuk lehenagoko zuzendaritza taldeetan egondako jendea da, esperientziaduna: Lorenzo Gonzalez (auditoria egiteaz arduratu da), Fernando Uranga (lehengo zuzendaritzako kide), Fernando Laspiur, Ramon Azkarate (lehengo zuzendaritzako kide, eta Gipuzkoako Federazioko ordezkari), Jesus Mari Heriz, Jose Luis Ezkurra (urtetan Mondrako presidente), Jesus Mari Iregi, Roberto Zazo, Bittor Arriaran, Enrique Loiti eta Ander Garai.