Gazteluondo kalea hasieratik itxiko dute autoendako

Ubane Madera 2012ko otsailaren 7a

Mitarte kaleak eta Olarte kaleko goi aldeak Alde Zaharreko gainontzeko kaleek moduko funtzionamendua izango dute aurrerantzean. Horrek esan gura du mugatuta izango dela autoen joan-etorria bi gune horietatik. Besteak beste, Gazteluondo kalea hasieratik itxi egingo dute eta piboteak jarriko dituzte autoen joan-etorria galarazteko. Eta era berean, horrek esan gura du, besteak beste, gurasoak ezingo direla autoz joan Ikastolatik seme-alabak hartzera. 

Gazteluondon ipiniko dituzten piboteen erabileraren giltzei dagokienez, garajeendako jabe bakoitzari eta Ikastolari eman egingo dizkiete. Gainontzekoendako baldintzak, berriz, Alde Zaharreko baldintza orokorrak aplikatuko dituzte.  

Ordutegi orokorra

Hori horrela, honako ordutegi orokorra izango dute automobilek Alde Zaharrean ibiltzeko:

  • Goizez, astelehenetik egubakoitzera 09:15ean zabalduko dute eta 12:00etan itxi. Eta martitzenetan, berriz, 19:30etik 21:00ak arte izango da zabalik. Zapatu, domeka eta jaiegunetan, berriz, itxita izango da.
  • Gazteluondo-Olarte goiko aldeak, berriz, goizez ordutegi orokorra izango du. Eta arratsaldez, astelehen, martitzen, eguazten eta domeketan zabalduko dute, 19:30etik 21:00ak arte. 
  • San Frantzisko eta Olarte beheko aldeari dagokionez, berriz, Zerkaosteta kalearen ordutegi berezia aplikatuko diote: goizez, astelehenetik zapatura 07:30ean zabalduko dute eta 12:00etan itxi; eta domeka eta jaiegunetan itxita izango da. Arratsaldez, berriz, martitzenetan zabalduko dute, 19:30etik 21:00ak arte.

Ezin da aparkatu

Bestalde, orduz kanpoko aparkatzeak ere badaude araututa Alde Zaharraren erabileran. Hala ezin da aparkatu Iturriotz, Erdiko, Ferrerias, Maala, San Frantzisko eta Olarte (beheko aldea), Zerkaosteta (beheko aldea) eta Mitarte kaleetan. Gazteluondon eta Olarteko goiko aldean, berriz, markatuta dauden guneetan aparkatu ahal da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak