Bihar, martitzena, goizaldean 600 m inguruan egongo da elur maila, baina arratsaldean 100-200 metro inguruan egingo du elurra. Eguaztenean, berriz, hotza areagotu eta elur maila 100 metrotan kokatuko da. Hori bai, elur kantitatea gutxitu egingo da. Arrasaten tenperatura maximoa 4 gradukoa izango da martitzenean eta gradu bakarrekoa eguaztenean.
Bi talde gune kritikoetarako
Horixe da datozen orduotarako Euskalmetek iragarritakoa. Eta iragarpena betez gero, Arrasateko Udalak atzera ere aktibatuko du elurrari aurre egiteko protokoloa, elur-maila 300 metrotan dagoenean automatikoki aktibatzen da-eta protokolo hori. Hori gertatzen denean, 19 taldeko lan-taldea ipintzen da martxan. Horietatik 14 taldek guneka lan egiten du; beste bi talde gune kritikoetarako (ospitaleak…) gertu daude eta gainontzekoak bideak zaintzeko.
12.600 kilo gatz
Makineriari dagokionez, berriz, elurra kentzeko palekin egokitutako hiru makina ditu Udalak, "bik egiten dute batera lan"; eta gatza eskuz botatzeko bi orgatxo erosi berri eta kamioia. Esaterako, joan den asteko denboralean 12.600 kilo gatz erabili zituen Udalak: "8 tona zakuka bota eta banatu genuen eta 3.600 kilo bota zituen, berriz, kamioiak", adierazi du Elena Letek, Obra eta Zerbitzu Saileko teknikari-buruak. Era berean, gogora ekarri du gura duen herritarrak gatza eska lezakeela Udalean, ESMAra joanda, hain justu.