Gurean badira opera zaleak, horren dudarik ez dago. Opera entzutera hara eta hona ibiltzen direnak ere badaude. Oraingoan, baina, bertatik bertara La Bohéme opera entzutetsua ikusi eta entzuteko aukera egongo da gurean. Arrasateko Ozenki elkarteak antolatu du emanaldia. Martxoaren 1ean, eguena, izango da Amaia Antzokian, 20:00etan.
Bihar, martitzena, Ozenki elkartearen aurkezpena egingo dute Kulturaten, 19:00etan.
Sarrerak 25 eurotan
Sarrerak 25 euroren truke jarri dituzte salgai Kutxan eta baita Arrasate Musikalen ere: "Jende nagusia, adibidez, ez da ondo konpontzen internetekin eta horiei begira jarri ditugu sarrerak Arrasate Musikalen", azaldu du Manu Gallardo Ozenki elkarteko kideek. Gaineratu dute 25 euro oso prezioa ona dela; normalean, operak askoz ere garestiagoak izaten dira hemen.
Elkarlanaren fruitua
Kepa Urteaga Arrasateko kultura batzorde buruak azaldu du: "Arrasaten operaren lagun asko daude. Euren bitartez eta egin duten lan gogorra aprobetxatuz izango dugu La Bohéme Arrasaten". Udalak eta Ozenki elkarteak elkarlanean egin dute lan egitasmo hau aurrera atzeratzerako orduan.
Opera 2001 enpresa dabil La Bohéme ekoizten. "Jakin genuenean La Bohéme ekoizten zebiltzala eurekin harremanetan jarri ginen", azaldu du Gallardok. Opera 2001 enpresaren La flauta magica lana ikusi zuten arrasatearrek eta hain gustura geratu ziren erabaki zutela Arrasatera ekartzeko tramiteak hastea. Operak kostu ekonomiko handia dauka eta horregatik negoziazio handia egin behar izan dute Opera 2001 enpresarekin.
Giacomo Pucciniren obra
Giacomo Puccini italiarrak egin zuen La Bohéme operaren musika 1896an. Libretoak, ostera, Giuseppe Giacosa eta Luigi Illicarenak dira. Henry Murger idazlearen Scenes de la vie de bohéme testuetan oinarrituta dago opera. 1840ko Parisen oinarritzen da lana. "Urte haietako Paris irudikatzen du: Rodolfo, Mimi eta Marcelloren arteko erlazioa. Opera gehienak tragikoak izaten dira, kasu honetan bezala. Eguneroko bizitza irudikatzen du: maitasuna, gaixotasuna, poesia… La Bohémeren musika izugarri polita da, ezagutzen diren pasarte garrantzitsuenak eta ezagunenak dira", azaldu du Gallardok.
Lau ekitaldi izango ditu operak. Lehenengo eta laugarren ekitaldiak Murgerren idatzietan oinarritzen dira ia osotasunean, eta bigarren eta hirugarrena Giacosa eta Illica idazleek asmatutakoak dira. Ikuskizunak bi ordu eta 40 minutu inguru iraungo du eta bigarrenaren ekinaldiaren ondoren atsedenaldia izango du.
Agertokiaren neurriak
Amaiako agertokian jarriko duten dekorazioa ikuskizun handietakoaren antzerakoa izango da. "Amaia antzokiko agertokia oso ona da, antzoki handien oso antzerakoa dela esan daiteke", dio Gallardok. Hori dela-eta, dekorazioa beste agertoki "handiagoetan" erabiliko duten bera izango da. Arrasaten eskainiko dutena bertsio originala izango da. Italiarrez abestuko dute eta operan ohikoa den bezala azpitituluak jarriko dituzte ikusleek esaten den guztia uler dezaten. "Nahiko motel abesten da operan, uneoro zer esaten duten ulertu ahal izango da", dio Gallardok.
Izan duten aurrekontua
Gallardo eta Ozenkiko gainerako lagunak asko tematu ziren La Bohéme Arrasatera ekartzeko. Hala, Opera 2001 taldekoek "detailea" izan dutela eurekin azaldu dute. 25.000 euro kostako zaie opera Amaiara ekartzea: "Sarreren bitartez finantzatuko dugu gehiena; hala ere, sarrerekin 15.000 euro lortuko ditugu. Gainontzekoa babesleen bitartez egingo dugu", dio Gallardok. Kutxa eta Arrasateko Udala izan dira babesleak eta Caja Laboralek lagundu egin du. Urteaga kultura batzorde buruak esan du "Udalak 4.000 euro jarri eta kartelak egiteko ardura" izango duela.