Asko aldatu da Arrasateko poteoa tabernan hasi zinenetik?
Erabat. Txikia nintzenean gogoratzen dut 12:00etan langileak Zerrajeratik irteten zirenean tabernak bete egiten zirela. Egunero zegoen txikiteoa. Egun, egubakoitzetan eta zapatuetan egoten da. Duela 20 urte, adibidez, domeketan lau tabernari egoten ginen Iratin eta leher eginda amaitzen genuen.
Krisia nola igarri da tabernan?
Jende gutxiago dabil orokorrean. Tabakoaren kontrako legeak ere zuzenean eragiten gaitu; futbol partiduetan, esaterako, jende gutxiago etortzen da, ezin duelako erre. Izan ere, taberna betidanik izan da edan, erre eta lagunekin gustura egoteko lekua eta ez dut ulertzen orain zergatik debekatu behar dugun tabernan erretzea.
Bestalde, krisiari aurre egiteko modu bat da herriko denda eta tabernetan kontsumitzea. Era berean, herriko proiektuak sustatu behar dira, denon arteko elkarlanean oinarrituta.