Antonio Murillo: "Argazkilari ona edo normala izatea norberaren esku dago"

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 6a

Urtero moduan, Arrasateko Gazte Bulegotik argazkigintza ikastaroa antolatu dute. Otsailaren 20an hasiko dira eskolak, eta apirilaren 2an bukatu. Antonio Murillo arduratuko da horiek emateaz.

Urteroko argazkigintza ikastaroa da aurtengoa ere...
Bai, hala da. Normalean, urtero otsail edo martxo aldean egiten den ikastaroa da abian jarriko duguna. Oinarrizko ikastaroa izango da; argazkigintza gidabaimena bezalakoa da: behin parametroak izanda, norberaren esku dago 1 Formulako gidaria izatea, edo normala.

Zer da, zehazki, ikastaro horretan erakutsiko duzuna?
Betiko argazkigintzari buruzko printzipioak emango ditut, hala nola diafragma, irekidura eta eremu-sakonera; hain justu ere, oinarrizko argazkigintza. Hori guztiori ordenagailura pasatuko dugu jarraian. Besteak beste, Photoshopera. Baina programa horren oinarrizko pausoak baino ez dizkiet erakutsiko, oso konplexua da-eta. Argazkiei ukituak azkar ematen ikasiko dute.

Noiz hasiko dira eskolak?
Otsailaren 20an. Astelehen arratsaldeetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Kulturaten. Apirilaren 2ra arte izango dira saioak. Izen-ematea zabalik dago; interesatuek otsailaren 17a baino lehen apuntatu behar dute Gazte Bulegoan, gaztebulegoa@arrasate-mondragon.net helbidean edo 943 25 20 65 telefono zenbakian. Prezioari dagokionez, ikasleek eta langabeek 12 euro ordaindu beharko dituzte; eta gainerakoek, 20 euro.

Zenbat lagunendako tokia dago?
Gutxi gorabehera, 30 lagunendako dago pentsatuta. Lehen, Kulturateko ordenagailu gelan ematen genuen, eta horrek 15 lagunendako tokia zuen. Ikastaroak oso harrera ona zuen, eta, jende asko kanpoan geratzen zenez, iaz formatua aldatu genuen, eta parte-hartzaileak argazki-kamera eta ordenagailua eroaten hasi ziren. Lehenengo eskola teorikoa da, eta hortik aurrerakoak praktikoak izaten dira bereziki.

Nolakoa da eskola horietan parte hartzen dutenen profila?
Normalean, emakume gehiago izaten da. Bestetik, adin askotariko jendea dator. Gazte Bulegotik antolatzen da, eta, hortaz, gazteek dute lehentasuna. Baina 60 urteko lagunak etorri dira esaten ez dituztela hartu, eta ikastaroan parte hartu izan dute.

Ez da samurra izango lagun horiei ezetz esatea...
Hala da. Gainera, kontuan izan behar da argazkigintzan ona den eta sentsibilitate handia duen jendea dagoela, oinarrizko ezagutzak baino ez dituena behar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak