"Kafe antzokiarena stand by-n dagoen gauza bat da, badakigu badaudela talde batzuk horretan interesatuta, baina aurten, uste dut, ez dela aurrera joango", gaineratu du Urteagak.
Lezetxiki babestu
Aurtengo jardunerako gainontzeko Udaleko kultura asmoei dagokienez, berriz, Lezetxikiko arkeologia eremua babestea izango da horietako bat. Arrasateko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmena sinatuko dute laster Arrasateko arkeologi ondarea babestu eta Lezetxikiko ikerketa zientifikoarekin segi dezaten.
18.000 euro
Hitzarmenaren barruan, Arrasateko Udalak 18.000 euro emango ditu hiru urtean; eta Aranzadi elkartearekin batera, Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote Lezetxikiri merezi duen babesa eman diezaiola.
Murrizketa aurrekontuan
Bestalde, Urteagak jakinarazi du kultura ekintzetarako aurtengo aurrekontua 350.000 eurokoa dela. "Udal aurrekontuan murrizketa handienetako bat izan du kulturak, eta nahi genuena zen hori eguneroko jardunean ez igartzea; beraz, kopuru hori ekintzetarako bakarrik erabiliko da".
Pilota, opera… Amaian emateko aukera
Eta bestelakoen artean, Amaia antzokiaren digitalizazioak ematen dituen aukera berriak azpimarratu ditu Urteagak, besteak beste, filmak 3D formatuan ematea. "Nahi duguna da Arrasateko jendeak Arrasaten gozatzea kultur eskaintzak. Halakoak orain arte bakarrik zeuden Gasteizen, Donostian, Bilbon… bailaran ez zeuden, lehenak izan gara eta esan genezake momentuz arrakastatsua izan dela. Eta bide horretatik emititu daitezke ikus-entzunezko emanaldi mota asko: operak, pilota partiduak… aukera hori ere ematen du. Guztiz prestatuta ez dago, inbertsioa egin beharko litzateke, baina digitalizatuta dago eta horrek aukera eman ematen du".