Juan Mari Agirreurretak irabazi du Jokin Zaitegi beka

Irati Goitia 2012ko otsailaren 5a

Agirreurreta irakaslea da lanbidez, baina esperientzia du itzulpengintzan. 2010ean Victor Hugoren nobela bat itzuli zuen ('Kondenatu baten azken eguna'). Hainbat sari ere irabazitakoa da, tartean: Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketa eta Arrasateko palindromo txapelketa.

AEDk eta Elkar argitaletxeak  antolatzen duten Jokin Zaitegi sariketak badu irabazlea: Juan Mari Agirreurreta.

Epaimahaia Luigi Anselmik, Santi Leonek eta Joseba Ossak osatu dute. Azpimarratu dute Agirreurretak fideltasun osoz islatu duela bere itzulpenean Tomas Transtömer idazlearen idazkera estilo soila. 5.000 euroko saria jasoko du orain irabazleak lan osoa itzultzeko.

"Gozatu egingo dut"

Agirreurretak adierazi digu oso pozik dagoela: "Albistea jaso dudanean ezin nuen sinetsi, beka eskuratzea oso zaila iruditzen zitzaidan". Gaineratu digu lanari ekiteko gogotsu dagoela: "Egin behar dudan lana oso polita da eta gozatu egingo dut".

Suediera ez dakien arren, itzulpen zehatza egiteko nola moldatu den azaldu digu: "Suediera jakin ez arren, oso baliagarria izan zait. Izan ere, idazleak bere hizkuntza nola erabiltzen duen aztertu dut, esaterako, letra larriak noiz erabiltzen dituen edo harridura ikurrak noiz jartzen dituen. Suediera oinarri bezala erabil dut eta gero beste hiru hizkuntzez (ingelesa, gaztelania eta frantsesa) baliatu naiz. Helburua zen lehenik poema ongi ulertu eta gero euskaraz ahalik eta modu freskoenean idaztea, euskaldun baten belarrira arrotza geratu ez zedin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak