Western eta surf doinuak berotzeko

Ander Monedero 2012ko otsailaren 5a

Nahiz eta Siberiako hotzak etxean geratzeko gonbitea egin, Arrasateko Amaia Antzokian bildu ziren lagunek doinu beroez gozatzeko aukera izan zuten Twin Tones talde mexikarrarekin. Hain justu ere, tenperatura hotzaren eraginez, kontzertua Amaiako sarreran egin beharrean areto nagusian egin zuten.

Talde mexikarrak Trio de mercenarios izeneko lana aurkeztu zuen, Twin Tones taldearen laugarren lana. Lan honetan, surf doinuak alde batera utzi gabe, western doinuak landu dituzte eta nabaria da Ennio Morriconeren eta western generoaren musikagileen eragina. Twin Tonesen lan berria, lasai asko, Sergio Leoneren spagghetti western baten soinu banda izan zitekeen eta hori erakutsi zuten egubakoitz iluntzean Arrasateko Amaia antzokian.

Egubakoitzeko emanaldian ez zen publiko asko egon, baina mexikarrei ez zitzaien asko inporta. Maila handiko kontzertua eskaini zuten; taldearen lan berriko eta aurretiko diskoetako abestiak uztartu zituzten. Emanaldiaren hasieran, Guns Don't Argue, Indio Black, Per Il Gusto Di Ucciedere edo diskoari izena ematen dion Trio de Mercenarios abestiak jo zituzten. Gero, taldeak dituen beste bi diskoetako abestiak jo zituzten: La Escopeta del Diablo, Buena Suerte Forastero, Último tren a El Paso... Aipatzekoa da egubakoitzeko emanaldian talde mexikarrak, tronpeta erabili beharrean, zeharkako txirula erabili zuela eta horrek kontzertuari beste ukitu bat eman zion: surf, garage eta western doinuetatik haratago, 60. hamarkadako Jethro Tull bezalako taldeen ukituak izan zituen kontzertuak.

Bukatzeko, baina, doinu motelak alde batera utzi, eta erabateko ildo progresiboa zuen pieza rockero bat jo zuten, eta bertan izan ziren ikusleak zur eta lur utzi zituzten.

11 egunetan 10 emanaldi

Twin Tones otsailaren 1ean iritsi ziren Madrilera eta hilaren 11n bukatuko dute inguruotako bira. Tourraren hasierako kontzertua Radio3-ko Diego RJk zuzentzen duen El Sótano programan eskaini zuten eta, gaur izan ezik, egun guztietan egingo dituzte emanaldiak. Gero, Italiara doaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak