Parte hartze altua eta giro ederra Gesalibarko jaietan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 5a

"Oso balorazio ona egiten dugu. Parte hartze altua izan da eta auzotarrak gustura aritu direnez, gu oso pozik gaude". Manex Barrenetxea Gesalibarko jai batzordeko kidearen hitzak dira, amaitu berri diren jaien gainean. Eguraldiak ez zuen lagundu, adibidez, zapatuan Santa Ageda kantuan irten ziren auzotarrendako: "Kantuan irten ziren adineko auzotarrak esan ziguten aspaldian ez zirela kantuan irteten elurra mara-mara zebilela". Eguraldiak, baina, ez ditu jaiak zapuztu, ezta gutxiago ere.

Jaietako txupinazoaren ostean, Toka lehiaketaren hasi ziren jaiak; 12 bat lagun elkartu ziren. Gero, bertso afaria izan zen Jentil-Ola elkartean. Jokin Labaienek azken orduan ezin izan zuen agertu eta haren ordez Urko Egaña aritu zen Manex Agirre aramaioarrarekin batera. 60 lagun elkartu ziren afarian: "Bertsolariak oso ondo aritu ziren eta giro ederra jarri zuten elkartean", dio Barrenetxeak.

Patata tortilla lehiaketa

Zapatu eguerdian lehenengoz egin zuten patata-tortilla lehiaketa. Zazpi lagun elkartu ziren eta auzotarrez osatutako epaimahaiak lan zaila izan zuen onena aukeratzen. Adar jotzerako uneak ez ziren falta izan, Barrenetxearen arabera: "Pikea izan zen. Batzuek esaten zuten aurkeztutako tortilla batzuk amak edota emazteak egina zirela eta horrek ez zuela balio..."

Arratsaldean auzotarrak kantuan irten ziren Santa Ageda bezpera ospatzeko.

Amaitzeko, luncha

Gaur, auzoko zaindariaren aldeko mezaren ostean luncha egin dute elkartean jaiak borobiltzeko. Gero eta gutxiago falta datorren urterako...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak