Zapatua izanik, ohi baino eztarri gehiago espero dira bihar Santa Ageda bezpera ospatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko otsailaren 3a

Santa Ageda bezpera ospatuko da bihar, eta zapatua izanik, Arrasaten ohi baino jende gehiago espero dute. Ikastetxeak eta lantegiak itxita egongo direnez, baserri gehiagotan egingo dute geldialdia eskean egiteko. Egun osorako egitaraua prestatu dute: 14:00etan, adibidez, udaletxe barruko eskaileretan egingo dute kantuan udal ordezkarien aurrean. Gero, Erdiko kaleko Leitze elkartean bazkalduko dute. Koroko kide den Luis Sagasta 'Mane'-ren arabera, 70 bat lagunendako baba-jana prestatu dute.

Santa Ageda bezperako ospakizuna antolatzeko bilerara 40 lagun elkartu ziren, Sagastaren arabera: "Bilerara ez da jende guztia agertzen eta aurten gainera, zapatua denez, aurrekoetan lanagatik-eta agertzen ez zen jende gaztea agertuko dela espero dugu".

08:00etako meza entzun ostean bi taldetan banatuko dira: lehen taldea erdigunetik Eroski aldera joango da eta Aranguren baserriko ohiko geldialdiaz gain, aurten Artzubi, Kataide eta Zabaleta baserrietara ere joango dira, besteak beste. Gero, Zigarrola aldean arituko dira kantuan. Beste taldea, berriz, Bedoña aldera joango da eta Bedoña auzoko baserrietan abestu ostean, San Andres auzoan jarraituko dute kantuan. 

14:00etan, udaletxeko eskaileretan

Bi taldeak udaletxean elkartuko dira, 14:00etan. Han udal ordezkarien aurrean abestuko dute eta gero Leitze elkarte gastronomikora joango dira bazkaltzera. Sagastak adierazi duenez, 70 bat lagunendako baba-jana prestatu dute.

Jasotakoa, Caritasera

Bazkalostean 19:00etan Portaloian arituko dira kantuan eta kantaldiekin amaitzeko 21:00ak aldera plazan bilduko dira. Egun osoan zehar jasotako dirua, urtero legez, Caritasera bidaliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak