Hogei telebista ostu dituzte Almacenes Arrasaten

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko otsailaren 2a

Hogei telebista eta indukzioko sukalde plaka bat lapurtu dituzte gaur goizaldean, 06:30ak inguruan, Arrasateko Kataide industria poligonoko Almacenes Arrasaten. Udaltzainak ohartu dira, industrialdetik errutinazko buelta bat ematen zihardutenean. Igor Loitik, bertako jabeak adierazi duenez, laugarren lapurreta da azkeneko 18 urtean.

Kristala apurtu eta barrura sartu dira. Ondoko apaletan zeuden plasma eta LCD erako telebistak hartu eta eroan egin dituzte. Di-da batean. Erakusleiho ondoan, kanpoan, telebisten kableak ageri ziren. Samsung, LC eta Panasonic markakoak. Dendan zituzten telebista guztiak eroan dituzte. Alarmak ez du jo.

Ertzainak ebidentziak hartzeko behaketa lanetan hartu ditugu dendan, goizeko 08:30ean. Adierazi dutenez, enkarguz lan egiten dute lapurrek. "Telebistak behar dituztela, bada, telebista saltokietara jo, lapurtu, eta berehala kolokatzen dituzte merkatu beltzean saltzeko". Aldez aurretik, generoa salduta dute. Halaxe egiten dute lan "banda antolatuek".

Laugarren aldia

07:30ean deitu didate ertzainek dendan lapurretan egiten dutela abisua emateko. Durangon bizi naiz eta berehala etorri naiz. Laugarren aldia da 18 urtetan lapurretan egin dutena hemen. Azkeneko aldiz, Konstituzioko zubian, duela urte bi".

Lapurretak gora

Ertzainek adierazi dutenez, azkenaldian, gora egin dute lapurreta kasuak Debagoienean. Etxeetan, dendetan, tabernetan. "Halere, hemen, lapurreta indizea ez da handia, beste toki batzuekin alderatuta; ohituta geunden lasai-lasai bizitzera, baina krisia areagotu denean, lapurretek ere gora egin dute. Eta igarri egiten da, gainera, hil amaieretan-eta lapurreta gehiago izaten dira-eta. Gizarte laguntzetatik jasotzen dutena amaitu zaienean, lapurretan egiten dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak