Mondrak (16) sailkapeneko azken taldea izateari utzi dio, Roteta (12) aurreratu duelako, eta Behobiarekin (16) berdinduta dago. Hala, biharko kontrario Hondarribia (20) mendean hartuta Arrasatekoak erabateko saltsan sartuko lirateke, sailkapenean 12. postuan dagoena –Elgoibar– bost puntura baino ez dagoelako: "Liga amaieran borroka horretan egotea da asmoa, kategoriari eusteko aukerak izatea. Izan ere, sailkapeneko azken postuetan murgiltzen denak, 6-7 puntuko aldeaz, ilusioa galtzen du, horrela zaila izaten da lan egitea".
Bihar ere hutsune nabarmenak
Talde gaztea izatearekin batera, lesioak tarteko, Mondrako entrenatzaileak nahikoa zailtasun du astero-astero hamaikako finko bat izateko: "Alde horretatik negargarri gabiltza aurten, baina urte osoa daramagu horrela, ez gara orain kexatzen hasiko. Hauxe da daukaguna, eta horrekin egin behar dugu aurrera".
Bihar, besteak beste, Oier Arregiren eta Iker Lopezen hutsuneak izango ditu: "Oier kanpora joango da ikastera, eta Lopezek lesioak tarteko urte osoan ez ditu bi partidu jarraian jokatu. Baina, jokalari garrantzitsu barik ere taldeak erakutsi du kapaz dela lehiatzeko, eta hori baloratzen dut. Hori bai, dena ematen ez badugu, edonork irabaz gaitzake".