Arrasaten kaleak, auzoak eta errepideak garbi daude

Ubane Madera 2012ko otsailaren 2a

06:00ak geroztik lanean dihardu Arrasaten 20 lagun inguruko taldea iragarritako eguraldi kaskarra dela-eta. Hala ere, momentuz ez dute buruhauste larregirik izan, goiko auzoetarako bideak garbi daude, izotzik ez du egin eta elurra ari duen arren, momentuz, ez du arazorik eragin. Hala ere, eta datozen egunei begira, gertu daude 40 tona gatz, 10 bat udaltzain eta sei laguneko bi udal talde. 

Udal lan-taldetik emandako informazioaren arabera, 06:00etatik 22:00ak arte aktibatuta izango dute eguraldi txarrari aurre egiteko protokoloa eta "beharrezkoa bada", baita gauean ere. Izan ere, datozen egunotarako espero dituzte hotzik handienak. 

Gatza banatuta

Era berean, eta momentuz izotzik egin ez duen arren, tenperaturak larregi jaisten direla ikusi eta berehala hasiko dira gatza botatzen herriko hainbat puntutan. "Bi elur-makina gertu daude, gatza atzo banatu genuen auzo eta baserrietan eta partikularren batek beharko balu, biltegira etorri eta gatza eskatzea besterik ez du. Bestalde, CESPA eta lorategietako lan-taldea ere aktibatuta dago, badaezpada", jakinarazi du Joserra Uribarrenek, udal lan-taldeko buruak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak