Badator berriro ere Gatzagako torneoa. Iaz gustura geratu zinen emaitza ikusita.
Ikustekoa izan zen finaletan, Gatzagako jaietan zelako giroa egon zen pilotalekuan. Jende mordoa batu zen harmailetan, eta horrek izugarri poztu ninduen. Aurten maila txikietako pilotariendako antolatuko dugu txapelketa, baina baita beteranoendako ere.
Hondarribian jaiotakoa, baina 17 urtera arte Gatzagan bizi izandakoa. Ondo ezagutuko duzu pilotaleku hori.
Pilotaleku horretan galdu nuen bista, argirik ez zegoenean pilota bila ibiltzen ginen-eta [Barre]. Gaztetan martxoan hasten ginen pilotan jokatzen, egunak luzatzen hasten zirenean, urrira arte. Hilabete horietan ez genuen besterik egiten. Eta neguan argirik ez zegoenez, bada esandakoa, ilunpean ibili behar... Gatzagarrei eskerrak emateko antolatzen dut han txapelketa, eta herrian giro polita egoten delako; gainera, pilotaleku aproposa da, bai gaztetxoendako eta baita beteranoendako.
Iazkoarekin alderatuta, aurten bailara osora zabalduko duzu txapelketa.
Iaz ederrak entzun behar izan nituelako. Oñatitik, Antzuolatik... jendeak deitu zidan esanez eurek ere torneoan parte hartu nahi zutela, eta aurten denak daude gonbidatuta. Hori bai, aurten ez ditugu partidu guztiak Gatzagako pilotalekuan jokatuko.
Zergatik?
Ezin dugulako domeka goizero 09:00etatik 14:00etara pilotalekua guretako hartu, besteak beste Gatzagako gaztetxoek ere pilotalekua behar dutelako han jolas egiteko. Horregatik erabaki dut txapelketa bailara osora zabaltzea, baina ez bikoteei begira bakarrik, baita pilotalekuetara begira ere. Hau da, Antzuolako pilotariak badaude, Bergarakoak, Elgetakoak... partiduak euren herrietako pilotalekuetan ere jokatuko ditugu. Hori bai, finalak Gatzagan jokatuko ditugu, irailean.
Martxoan hasiko duzue beteranoen txapelketa.
Gaztetxoen torneoak ere arrakasta handia izan du, eta Araba aldetik hainbat klubetako ordezkariak etorriko direnez gazteekin otsail erdialdean hasiko gara. Beteranoak bai, horiek martxoan hasiko dira.
Zelako kategoriak izango dira beteranoen mailan?
Bi maila jarriko ditugu, pilotan ondo jokatzen dutenak batean, eta horren ondo jokatzen ez dutenak bestean, B multzoan. Pilotan jokatzera ohituta daudenek trinketeko pilotekin jokatuko dute, nahiko txukunak dira horiek. Eta, pilotan jokatzera ohituta ez daudenendako pilota bereziak ditugu, oso bigunak, ia trapuzkoak; denek pilotan jokatu ahal izango dute horrela. Gainera, iaz jendeak eskuz binaka jokatzearekin batera bakarka jokatuko lukeela ere esan zuen, eta aurten lau t'erdiko txapelketa ere egingo dugu.
Zer egin behar da izena emateko?
Izenematea otsailaren 19an amaituko da, eta pilotari bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu jokatu ahal izateko. Izan ere, irabazleendako txapel bakoitzak 70 euro balio ditu! Eta nire erretiroa ez da urrezkoa! [Barre]. Izena emateko nire telefono zenbakira deitzearekin nahikoa da (605 724 096). Norgehiagokak hamabost egunean behin jokatuko ditugu, domeketan, 09:00etan hasita. Hala, martxoaren 4ean hasiko dugu torneoa.
Orain arte zenbat bikotek eman dute izena?
Txapelketa itxura polita hartzen dabil, dagoeneko iazko bikote kopurura iritsi garelako, hamalau bikotek eman dute izena. Ederra izango litzateke beste lau bikote gehiago animatuko balira, multzoka hobeto banatzeko. Gehiago etortzen badira ere ondo, denendako lekua egingo dugu.
Gatzagako txapelketa alde batera utzita, Arrasateko pilotalekuan lehen baino gutxiago ikusten zaitugu.
Ahalegintzen naiz egubakoitzetan joaten, edo bestela, Arrasateko pilotariak Donostia aldera etortzen badira partiduak ikustera joaten naiz. Joan den asteburuan ere Arrasateko taldeko koadrila polita elkartu ginen Hondarribiko elkartean, mahaiaren bueltan. Baina entrenatzeari utzi nion Arrasatera buelta mordoa eman behar nituelako autoaz, eta Elgoibarren izan nuen susto baten ostean erabaki nuen horrela ezin nuela jarraitu. Orain lasaiago nabil, eta antolatzen dudana ilusio handiaz egiten dut.
Gatzagako txapelketa, esaterako.
Baita beste batzuk ere. Martxoaren 4an, esaterako, Arrasateko eta Hondarribiako pilotarien artean txapelketatxoa antolatu dut. Eta hor, gazteak pozik eta gurasoak gusturago. Hondarribin gazteen pilota partiduak ikusi, poteoa egin, bertan bazkaldu... Ez dago gehiago eskatzerik!


