Hilabete honetan ez bada hurrengoan sinatuko dute hitzarmena Arrasateko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Aurreko agintaldian egin zen lanketa eta lan horrekin aurrera jarraitzea erabaki dute oraingoan ere. Hitzarmen horren bitartez, batetik, eskaera egingo diote Eusko Jaurlaritzari Lezetxikiko ondarea babestu dezan; eta bestetik, ikerketa zientifikoa gaurkotzeko hitzarmena ere izango da, jendarteari ezagutzera emateko gero.
Hiru urterako hitzarmena izango da eta Udalaren partetik 18.000 euroko babesa izango du –6.000 urte bakoitzeko–, nahiz eta Aranzadik duen aurrekontua 50.000 eurotik gorakoa den. Kepa Urteaga Kultura zinegotziak argitu nahi izan du, ordea, argi dutela ez dela agintaldi batera edo bestera mugatu beharreko kontua, ondarea ez delako agintalditan neurtzen.
Eusko Jaurlaritzak ezetz
Lehen ere egin izan da Lezetxikiko ondarea babesteko eskaera, baina Eusko Jaurlaritzaren erantzuna ezezkoa izan den beti. Arrasateko Udalarentzat oso garrantzitsua da eta, zalantza barik, babestu beharreko zerbait. Aranzadirekin batera joango dira oraingo honetan Jaurlaritzara eskaera egitera eta espero dute aintzat hartzea.
Arrikrutz moduan, egunen baten Lezetxikiko haitzuloa jendearentzako zabaltzeari dagokionean, Arrasateko Udalak ez du ezer baztertzen; aztertu beharreko kontua da hori.