Wilt: panpina puzgarriaren hilketa urtarrilaren 20an estreinatu zuten Eibarren. Kritika onak jaso ditu Ados teatroak egin duen Tom Sharperen eleberriaren moldaketak. Bihar, eguaztena eta etzi, eguena, Donostiako Printzipal antzokian ikusteko aukera izango da.
Tom Sharperen eleberri ospetsu eta arrakastatsua film luze arrakastatsu ere izana da, baina inoiz ez da egin antzerkirako moldaketarik. Lehen aldiz, munduan, eta euskal konpainia batek egin du, eta euskaraz, gainera. Tom Sharpek berak, bedeinkazio guztiak eman dizkio moldaketari eta han eta zurrumurrua zabaldu da, Donostiara hurbil daitekeela egunotan, bertatik bertara ikusteko bere lanaren antzerkirako moldaketa.
Arrasatera, otsailaren 19an, domeka, helduko da. 19:30ean.
Itxaropena galdutako gizona
Henry Wilt, batez ere, itxaropena galdutako gizona da. Arte eta Lanbide Eskola batean dihardu Literatura irakasle, batere interesik ez duten igeltsero, iturgin edo argiketari-gaiekin. Emaztearekin ere ez da zoriontsu. Aspaldi ez du Eva jasaten, emazte heldugabe eta txepela.
Baina Wiltek ihesbidea du: egunero, txakurra paseatu bitartean, emaztea hiltzeko eta gorpua desagerrarazteko modu anitz asmatzeari ematen dio.
Denbora-pasa "inuzente" hori gorabehera, ez dirudi bere bizitzan ezer aldatuko denik, harik eta emazteak bikote iparamerikar bat ezagutu eta horiek Wiltarrak jai batera gonbidatu arte. Bertan gorabehera batzuk gertatuko dira, panpina puzgarri baten agerpena tartean, zeinekin Wilt ustekabean harrapatuko duten.
La Bohéme
Azpimarragarria da, martxoan, La Bohéme opera ikusteko aukera izango dela Amaia antzokian. G. Pucciniren lau ekitaldiko opera da, Giacosaren eta Lilica-ren libretoa. Opera 2001eko solista eta koruekin eta Bulgariako Plevengo orkestra sinfonikoarekin. Abeslari gehienak italiarrak dira.
Ez da oso ohikoa opera gurera ekartzea. Inoiz-edo ekarri izan dute eta aurten animatu egin da Arrasateko Udala, Arrasaten sortu berri den Ozenki Arrasateko Opera Zaleen elkarteko kideen laguntzarekin. Sarrerak salgai daude, baina, dagoeneko saldu dituzte erdiak, emanaldirako hilabete geratzen bada ere. Arrasate Musikalen eskura daitezke eta baita Kutxan ere, ohiko bidetik.
Espainian barrena egingo dute bira Opera 2011 taldekoek eta Euskal Herrira ere etorriko dira. Oso agenda estua dute eta otsailean eta martxoan ia egunero dute emanaldi bat.
Zinema eta antzerkia
Osterantzean, azken-azkeneko filmak ikusteko aukera izango da ondorengo asteotan Amaia antzokian: El Topo, La dama de Hierro, Sherlock Holmes, Juego de sombra edota Caballo de batalla…, eta, umeendako, beste batzuen artean, El gato con botas.
Antzerkiari dagokionean, eta aipatutako Ados teatrorenaz gain, Hika antzerki taldearen Ilargiaren bi aldeak ikusteko aukera izango da otsailaren 25ean, 17:00etatik hasita. Eta, umeendako antzerkia ere izango da, Potxin eta Patxin pailazoen Ohitura onak, hain justu ere. Otsailaren 21ean izango da hori, Aratuste martitzenean, 17:00etan hasita.
Musikari dagokionean, otsailaren 3an, oraingo asteburuan, Twin Tones etorriko zaizkigu Mexiko DFtik. Jatorri amerikarreko musika, rocka, wester swing-a, surfa…, estilo horietako soinuak entzin ahal izango ditugu.