Manu Diaz: "Etxeko langileei alta eman behar zaie Gizarte Segurantzan"

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 31

Etxeko langileen erregimena arautu du Espainiako Gobernuak. Urtarrilaren 1a ezkero dago indarrean lege berria. Manu Diaz abokatuaren esanetan, "legearen helburua ona da".

Zer dakar lege berriak?
Aurrerantzean, etxeko langile guztiak Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar dira. Langile horien ugazabek haien egoera eguneratu behar dute.

Ze helbururekin egin dute legea?
Bi helburu ditu legeak: alde batetik, langileen egoera duintzea, eta langile arruntekin berdintzen joatea. Badago ere helburu ekonomiko bat: azpi-ekonomia eguneratzen joan behar da. Bestalde, nik uste langabezia-zerrendatik langile asko kendu gura dituztela. Helburu politiko bat ere badago hor.

Zeintzuk dira legearen alderdi nagusiak, eta ondorio on nagusiak?
Etxeko langileen egoera eguneratzen joan behar da, eta langile arruntenarekin berdintzen. Hori onuragarria da. Jende asko dago etxe askotan lan egiten, inongo babesik gabe, Gizarte Segurantzaren babesik gabe, zergak ordaindu gabe… Erantzukizun bat dago hor.

Araudi berri horren bidez, etxeko langileak baja hartu ahal izango du? Erretiro pentsioa izango du…?
Bai. Lehenengo hiru egunak ez ditu kobratuko, baina hurrengo bostak etxearen jabeak ordainduko ditu, eta hortik aurrerako egunak, Gizarte Segurantzak. Erretiro-pentsioa ere izango du. Berau kalkulatzeko oinarriak nahiko txikiak dira eta ez dira pentsio handiak izango, baina hor izango dira. Bestalde, oraingoz ez dute langabeziarik kobratuko. Lege Dekretuaren sarreran esaten da hori aztertuko dela, hala ere.

Kaleratzeak ze baldintzatan izango dira?
Kaleratzeko bide bat zigor-kaleratzea da: langileak zerbait gaizki egiten badu, zigor diziplinario gisa. Baina lan-auzitegira badoa langilea, eta epaileak esaten badu kaleratze hori ez dela bidezkoa, lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko soldata jasoko du. Baina lan-harreman berezia delako, etxeko jabeak langilea kausa barik bota dezake. Kasu horretan, langileak beste kalte-ordain bat lor dezake: lan egindako urte bakoitzeko, 12 eguneko soldata.

Ugazabek kotizatu egin beharko dute.
Bai. Lehenengo lan-ordutik, Gizarte Segurantzan alta eman behar zaio langileari. Hori Eibarren egin behar da, han Gizarte Segurantzak duen bulegoetako baten; ez INEMen bulegoetan. Eta langileak hainbat ugazaba baldin badauzka aldi berean, ugazaba bakoitzak jarraitu behar du prozedura hori.

Legea urtarrilaren 1a ezkero dagoenez indarrean, ugazaba guztiek prozedura eginda izan beharko lukete, ezta?
Bai. Dena dela, ez gara egoera berriaz behar bezala jabetzen, eta beldur naiz jende askok orain arte bezala jarraituko duela. Orain arte derrigorra izan ez denez, jende askok ez du tramite hori beteko. Horren aurrean, nik uste dut jendeak jakin behar duela ze erantzukizun duen. Inspekzioa badago, atzeratutako kuota guztiak kobratuko dira, eta errekargoekin zein isunarekin. Baina istripua baldin badago, hor egon daiteke erantzukizun larria. Horregatik, nire gomendioa da norbera ondo informatzea eta ahalik eta azkarren egoera bere tokira eramatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak