Okoretegi tabernan egin dugu hitzordua Joxeanekin, baina, erretzailea denez, kanpoan hitz egin dugu, lau gradu inguruko tenperaturarekin. Eskerrak barruak berotu dizkigun kafesneari... Musakolan bizi da, baina Monterronen, jauregi ondoan zegoen Kondekua eraikinean jaio zen. Elkarrizketa hasi orduko, bigarren sorpresa: Egin egunkariko kolaboratzaile zeneko kazetari akreditazioa erakutsi digu.
Aibadio! Kazetari ere ibilitakoa zara, ala?
Bai, Egin egunkarirako herriko kirol kronikak egiten nituen. Roberto Sampedro Pitote zenak erakutsi zidan orrialdeak nola antolatu, espazioak zelan bete: titularra hemen, argazkia han... Egin eta La Voz egunkarietan jardundakoa zen hura. Eguerdiko ordu batean igarotzen zen La Vergaresako autobusa Arrasatetik eta hara eramaten nuen kronika, Eibarko delegazioan entregatzeko. Baina oso gogorra eta neketsua da kazetaritza, besteak beste, ordu txikitan lan egin beharra dagoelako; behin, jaietan, goizeko lauretan, txurro-jana edo halako zerbait kubritzera bidali ninduten eta beste behin, Larraitzetik Aralarko San Migelera Corpus egunean egiten zen ibilaldiko kronika egiteko ere nahiko sufritu nuen...
Une onak ere izango zenituen...
Bai; lehen elkarrizketa Enrique Alonso txirrindulariari egin nion, Tourrera joan zen lehen arrasatearra izan zen-eta. Eta beste behin, Urra arrasatearraren eta Urtzainkiren arteko partidua ikustera joan nintzen Anoetara [gaurko Atano pilotalekua], eta, Urtzainkiren botilleroa Retegi II.a zenez, hura elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Nire ustez, Retegi izan da onena. Semea? Nahiko berde ikusten dut; nire ustez, aitaren dohainik onena kantxan erakutsitako adimena izan da, eta semeak ez dauka...
Arrasaten, nagusiki futbolean eta eskubaloian jardundakoa zara.
Zaldibarko txapelketan 16 urterekin hasi nintzen, koadrilaren Makilak taldeko entrenatzaile-delegatu moduan. Txapelketa ugari irabazi genuen orduan, Zaldibarren, Musakolan eta Eskoriatzan, Maristetan.
Saskibaloian ere ibili nintzen sasoi baten, eta, 1979an Arrasateko eskubaloi saila sortu zenean, hantxe hasi nintzen; 15 urte egin nituen eskubaloi sailarekin eta ondoren beste lau urte Atxabalpen; han neukan nire bulegotxoa...
Unerik onenak eta zailenak?
Jende asko ezagutu dut kirolari esker, eta, horrez gain, garaipen guztiekin, eta eskubaloi taldearekin bizi izandako bi igoerekin geratzen naiz. Eta une txarrenak, zalantzarik gabe, eskubaloi saileko Pitxi Herrero, Roberto Madinabeitia eta Ibon Abasoloren heriotzak. Era berean, instituzioen aldetik laguntza falta izan genuen hainbat momentutan eta une latzak bizi izan genituen orduan.
Kirol bakoitzean, herri mailan, zeintzuk izan dira onenak, zure ustez?
Oso zaila da aukeratzea. Horrenbeste jende pasatu da.... Pilotan, Ibai Bolinaga nabarmenduko nuke; eskubaloian, Julian Nieto; saskibaloian, Arruti pibota; eta futbolean... agian, Alejo Mellado, Jon Arriaran, Pedro Orue Petete eta Jose Mari Urtzelai Txosa.
Mojategira joaten segitzen duzu?
Ez. Aurtengo denboraldian ez naiz joan oraindik. Ez naiz bazkide egin, ez nagoelako batere ados zuzendaritzaren jardunarekin. Hilaren 31n batzarra dago... Ea zer ateratzen den.
Orain, erretiratuta, ondo biziko zara...
Saiatzen naiz. Astean bi egunez, goizez, Musakolako gimnasiora joaten naiz, eta, bestela, ibilaldiren bat egiten dut... Eguerdi aldera lau bat lagun elkartzen gara txikito batzuk jotzeko eta arratsaldean mandatu batzuk egin, irakurri pixka bat, bueltatxo bat lagunekin... Bi urte langabe egon ondoren, krisiarekin, erretiroa hartzea erabaki nuen. Orain, ahalik eta ondoen entretenitzea da kontua.