Erabakigarria ez zen partidu zailean ondo moldatu ziren Arrasatekoak

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 30a

Partidu azkarra planteatu zuen MUk zapatuan BideBide Ibizako tolosarrei, liderrei, aurre egiteko. Estrategia horri erdizko probetxua atera ahal izan zioten azkenean: irabazi ez (69-77 izan zen azken emaitza Iturripen), baina gutxienez kontrakoari presioa sartu, eta emaitza itxurosoa lortzeko balio izan zion.

 

Zer-nolako aurkakoa zuten jakinean zeuden Josu Larreategiren mutilak: "Talde indartsua da, batez ere barrutik, eta bagenekien gauza bakarra takarradan egitea zela. Ondo hasi ginen, baina laster 10 puntuko aldea atera ziguten, eta horri buelta ematea gauza zaila da". 

Aldea txikitu zuten 

Hori bakarrik ez, eta erasoan ere ondo ez zirela ibili onartu zigun entrenatzaileak: baloi asko berreskuratu bai, baina ez zuten saskiratzerakoan asmatu.  

Alde positiboan, berriz, jokalarien jarrera eta talde sena azpimarratu behar dira: "Gure jokalariak une oro saiatu dira, kantxa osoan presionatuz. Hala, 18 puntuko aldea zeukaten, eta sei puntura txikitzea lortu zuten", baloratu zuen Larreategik.

Hemendik bi astekoa 

BideBide ez da MUren aurkari zuzena. Datorren astekoa ere ez: Santurtzira joango dira Arrasatekoak, bigarren sailkatuari irabazten saiatzera; EBAra joango dira datorren urtean, eta partidu zaila izango da. Baina hitzordu garrantzitsuagoa hemendik bi astera izango dute, Iturripen: seigarren dagoen Lizuan.com hartuko dute etxean. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak