Egubakoitzean hasi ziren 22. urteurrena ospatzeko ekitaldiekin. Urtero egin ohi izan duten bezala, afari bat egin zuten etxetik kanpo, Bedoñan hain zuzen, eta 100 pertsona inguru elkartu ziren. Rafa Gomez elkarteko lehendakariak esan digu ondo afaldu zutela, animazio bikaina izan zutela eta giro ederrean egon zirela.
Zapatuan elkarteko bi taldek emanaldia eskaini zuten: Sueños de Andalucía dantza taldeak eta Al-Andalus abesbatza errozieroak. Horietan ere ikus-entzule ugari batu ziren eta giro aparta izan zuten. Gauean afariaren ostean, Tolín el Mariachi Bilboko mariatxiak eskaini zuen ikuskizuna eta jaia goizeko hirurak arte luzatu zitzaien.
Domeka eguerdian eman zioten 22. urteurren jaiari amaiera Alegría de la Sierra taldeko kideen eskutik; Sevillako doinuak, rumba eta pasodobleak jo zituzten eta bertaratutakoek txalo eta dantzekin animatu zuten jaia.
Balorazio positiboa
Gomez lehendakariak aitortu zigun elkartearen urteurren ospakizuna ez dela izaten eurendako urtean egiten duten ekintza garrantzitsuena, baina hala ere, "jende asko etorri da antolatu ditugun ekitaldietara, giro ona izan dugu guztietan eta denok jarri gara kantuan eta dantzan, umore ona galdu gabe. Beraz, Al-Andaluzen 22. urteurrenaren balorazio oso positiboa egiten dugu" azaldu zigun Gomez lehendakariak.