Presoen eskubideen alde 350 lagun batu ziren Azken Ostiralean

Leire Kortabarria 2012ko urtarrilaren 28a

Atzo Azken Ostiraleko Elkarretaratzea egin zuten Herriko plazan, eta 350 lagun inguru batu ziren Ein deigun bidie eskubide guztixekin lelopean. "Euskal preso eta iheslarien aldeko aldarriak sekulako bultzada hartu" duela esan ondoren, "sortutako olatu erraldoiari bide emateko" lanean jarraitzea erabaki zuten.

Urtarrilaren 7ko herri mobilizazio orokorra "kolosala izango zela iragarri" zutela eta "horrela izan" zela aitortu zuten batutakoek. "Euskal Herriko eta munduko beste hainbat tokitik etorritako 110.000 lagunek egun indarrean dagoen espetxe politikak errepresio, erabilpen eta mendeku klabeetatik konponbide demokratiko baten klabeetara igaro behar duela irmo aldarrikatu zuten".

"Oinarri sendoak jarri ditugu, baina etorkizunera begira argi luzeak pizteko garaia da", esan zuten.

Euskal jendartearen gehiengoak euren aldarrikapenekin "bat egiten" dutela gogoratu zuten, eta azpimarratu zuten "Euskal Herrian inork gutxik ulertzen eta onartzen duen egoera bat luzatzen" dabiltzala "Moncloa eta Eliseotik", eta Txus Martinen eta Iñaki Erroren egoerak salatu zituzten.

"Neurri argiak" eskatu zituzten: "sakabanaketa politikarekin amaitzea, bizi osorako espetxe zigorrarekin amaitzea,
hiru laurdenak bete dituzten presoak askatzea, eta eritasun sendaezinak dituzten presoak askatzea. Neurri hauek gaur bertan hartu beharrekoak direla aldarrikatu nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak