Dena dela, Euskal Herritik milaka kilometrotara egon arren, euskal udaleku batzuetan egon dira: "Chascomus herrian egon gara. Argentinako Euskal Etxeek antolatutako udalekuetan. Herri askotako Euskal Etxeetako haurrak astebetez Chascomusen elkartu dira; 11 eta 16 urte bitarteko 42 gazte. Talde bakoitza bere begiralearekin joan zen, baina gure lana izan da udalekuak dinamizatzea", kontatu digute bueltan.
Euskaraz eta espainolez
Euskaraz hitz egiteko asmoarekin joan baziren ere, azkenean, espainolez jardun behar izan dute ekintza gehienetan. Hori erronka handia izan dela esan digute: "Ez gaude ohituta espainolez jolas egitera, ezta lan egitera ere, eta oso arrotza egiten zitzaigun. Dena itzuli behar izaten genuen, baina dena ezin da itzuli. Dena dela, abestiak eta jolasetan erabiltzen genituen hitz asko euskarazkoak ziren; beraz, hitz eta esamolde asko ikasi dituzte, zorionez. Eurek euskaraz hitz egiten ikasi nahi dute".
Astebetean ikasitakoa eta egindakoa laburbiltzeko, gainera, lip duba grabatu zuten Irrien Lagunen Klubeko abesti batekin. Gazte guztiak txundituta geratu zirela kontatu digute: "Argentirara oraindik ez da iritsi lip dubaren fenomenoa eta euren burua bideoan dantzan eta kantuan ikustea ikaragarri gustatu zitzaien".
Euskal Herriarekin ametsetan
Euskal Herritik milaka kilometrotara bizi diren arren, Argentinako euskaldunak gure herria ezagutzeko irrikan daudela esan digu laukoteak: "Txiki-txikitatik euskal kultura eta folklorearekin hazi dira. Ez daukate bidaiatzeko dirurik, baina beti esaten dute dirua irabazten dutenean lehenengo bidaia Euskal Herrira izango dela". Argentinako euskaldunek beste erritmo bat duten arren, jende zoragarria dela esan digute: "Lagunak egin ditugu Argentinan".