Gitarra ikastaroa antolatu dute San Andreseko gaztetxokoan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urtarrilaren 26a

Urte berriarekin batera aukera eta eskaintza berriarekin datoz gaztetxokoak. Horren adibide da San Andreseko gaztetxokoan antolatu duten gitarra ikastaroa. 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikastaroa da. Otsailean eta martxoan eskainiko dute, eguenetan 18:00etatik 19:30era.

Plaza mugatuak izango dira: sei lagunendako lekua egongo da eta dagoeneko lauk izena eman dute.

Gaztetxokoak ezagutaraztea

"Helburua da gazteak gaztetxokoetara hurbiltzea eta gazteek gaztetxokoan egiten diren ekintzak ezagutzea. Adibidez, San Andreseko gaztetxokoa ezagutzea", azaldu du. Bestalde, gazteek denbora librean egin dezaketen aukera eskaintza zabaltzea ere izan da ikastaro hau antolatzearen helburua: "Adibidez, sukaldaritza ikastaro bat egin daitekeen moduan, gitarra ikastaroa antolatu dugu oraingoan", dio Urkiak. Hala, gazteak erakarri gura dituzte gaztetxokoetan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera.

Aurretiko esperientzia barik

Ikastaroan parte hartu gura duenak ez dauka zertan aurretiko esperientziarik izan behar. Gitarra jotzen ikasteko gogoa izatea nahikoa izango da izena emateko. Hutsetik hasiko dute ikastaroa eta ikasleen beharren arabera moldatuko dute gero. "Denetik egingo dugu, akordeak ezagutuko ditugu, abestiak ikasiko ditugu...", azaldu du Urkiak. Rocka, bluesa... denetik ikasiko dute.
Ez da izango beharrezkoa norberaren gitarra eramatea ikastarora; izan ere, lau gitarra daude gaztetxokoan eta haiek erabiltzeko aukera egongo dela azaldu du Urkiak. Bestalde, gaineratu du, izena eman duten ikasleetako batzuk euren gitarra dutela.

Izena emateko modua

Ikastaroan izena eman gura duenak San Andreseko gaztetxokora edo Txatxilipurdiko egoitzara (943 79 54 46) jo edo telefonoz deitu beharko du.

Olatz Urkia arrasatearra da eta gitarra ikasketak izateaz gain piano ikasketak ere egin zituen bere garaian. Profesionalki ez da ibili izan gitarra erakusten, baina lagunen artean askotan erakutsi izan du musika instrumentu hau. Ondo pasatu eta musika ikasteko aukera ona izango da ikastaroa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak