Roman Martinez: "Iazko 30 ekintzetatik guztiak bete ziren lau izan ezik; pozik gaude urteak eman duenaz"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko urtarrilaren 26a

1.600 bazkidetik gora ditu egun Besaide mendizale elkarteak. Urtarrilaren 19an egin zuten urteroko batzar orokorra eta Roman Martinez presidentearekin egon gara batzarrak eman zuenaz eta beste hainbat kontutaz berbetan.

Nola joan zen, orokorrean esanda, batzar orokorra?
Ondo joan zen, pozik geratu ginen. 1.600 bazkide inguru izan arren, batzar orokorretarako elkartearekin zuzenean inplikatuta dauden bazkideak joaten dira. Hau da, ez dut ezagutu 30 bazkide baino gehiago izan diren batzarrik. Baina estatutuek agintzen dute urtero batzar bat egin behar dela bazkideei kontuen berri eman, iazko ekintzaren laburpena egin eta urte berrirako aurreikusitakoak azalduz.

Iazko ekitaldiaren laburpena aipatu duzu. Nola joan zen 2011 urtea?
2011 urteak eman duenarekin pozik gaude. Izan ere, 30 ekintza programatu ziren eta horietako lau izan ezik beste guztiak bete egin ziren. Aurrera eraman ez zirenak eguraldiagatik geratu ziren bertan behera. Beraz, sail bakoitzak aurreikusitakoak bide onetik joan ziren. Irteeretan eta mendi hamabostaldian izan den parte hartzea aintzat hartuz, esan genezake 1.060 bat esku hartze eragin zituela Besaidek iaz. Parte hartze, eta ez parte hartzaile. Datu hori poztasunez hartzen dugu. Diru kontuei dagokienez, aurreikusitakoa eta gastatutako orekatua izan da. Hori horrela, Besaideren itsulapikoa egoera onean dagoela esan dezakegu, 2012ko ekintzen programari begira.

Beraz, diruaren kudeaketa ona egin duzuela esan daiteke.
Bi dira elkartearen diru iturri nagusiak. Batetik bazkidetzeen kuotetatik jasotzen duguna, eta, bestetik, Aukeak bideratzen duen dirua. Azken iturri horretan eragin zuzena du antolatzen diren ekitaldien kopuruak. Azken urteetan aurreikusitako programak gauzatu direnez eta mugimendu handia eragin dugunez, hurrengo urteetako programak bete ahal izatea ahalbidetzen duten diru kopurua jaso dugu.

Leixargarateko lanak ezin dira ahaztu, inbertsio handia izan zen-eta Besaide elkartearendako.
Hala da. 10.000 euro inguru gastatu zituen elkarteak aterpetxea barrutik zein kanpotik atontzeko. Txukun geratu da, erabiltzeko moduan. Izan ere, erabiltzeak ematen dio zentzua aterpetxeari. Besaideko bazkideei gonbidapena luzatzen diet Leixargarateko aterpetxea erabili dezaten. Izan ere, bazkideek bakarrik egin dezakete aterpetxea erabiltzeko erretserba eta zabalik dagoenean uneoro bazkide bat egon behar da bertan, nahiz eta ondoko lagunak bazkide ez izan. Hori argi geratu dadila gura dugu, okerreko informazio batzuk zabaldu dira-eta.
Egin beharreko lana zela ulertu genuen eta aterpetxea ikusteko aukera izan duten bazkideei gustatu zaie nola geratu den. Beraz, 2012an zehar erosotasunez erabiltzeko moduan dago.

Egin dezagun berba 2012rako asmoez. Neguan egonda, elurra izango da protagonista, ezta?
Zalantza barik. Neguko hilabeteetan mendi eski saila eta eski alpino sailak dira ekimen gehien antolatzen dituztenak. Hala ere, aurten eski alpinorako elur baldintzak ez dira egokiak eta horregatik jendea ez da baldintzak hobetu arte animatzen.
Baina mendi eski sailari erreparatuz, lau irteera programatu dira. Hilero irteera bat, urtarrilean hasi eta apirilera arte. Urtarrilekoa asteburuan izan da; 25 bat lagun joan dira Pirinioetara.

Antolatutako ekintzen gainean besteren bat gaineratzerik nahi?
Besaideren ibilbide luzeko martxa enblematikoa egitea dagokigu aurten. Ai ba! martxaz ari naiz. Aurten ekainaren 3an egingo da. Horrez gain, aipatuko nuke udazkenean egiten den Arrasateko mendi bizikleta martxa. Eta, amaitzeko, ezin ahaztu ikastaroak eta mendi hamabostaldia. Ikastaroen artean ez dira faltako segurtasuna eta norberaren segurtasuna bermatzeko saioak. Elurretan erraketekin ibiltzeko ikastaroari ere berriro heltzeko asmoa dugu.

Horiek 2012rako asmo nagusiak. Baina, nola antolatzen ditu Besaidek horrenbeste ekitaldi? Bazkideek egin ditzakete proposamenak?
Zuzendaritza batzordeak sail ezberdinen proposamenak jasotzen ditu eta onartu egiten dira. Bazkideak normalean pozik geratzen dira proposatzen diren ekintzekin eta ez dute ekarpen handirik egiten. Noski, proposamenetara eta lan egiteko gertu dauden bazkideen ekarpenetara zabalik gaude erabat.

Amaitzeko, ekarri dezagun gogora  bulegoko ordutegia.
Martitzen eta eguaztenetan zabalik egoten da, 19:30etik 20:30era.  Hori da idazkaritzaren betiko ordutegi finkoa. Gero, ekintzen izenematerako sail bakoitzak bere modura jarduten du, beti ere ordutegion berri emanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak