Bernabe Unda Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak Fagor Arrasateko instalazioak bisitatu ditu kooperatibak antolatutako ate irekien astearen barruan.
Wave Line prentsa robotizatua
Bisitan Undak ezagutu ahal izan du Wave Line deritzon autoen piezak fabrikatzeko prentsa robotizatu berria. Produkzioan %40ko igoera ahalbidetzen du prentsa robotizatuak eta kontzeptu iraultzaile horren garapena robotak egiten espezialista den Alemaniako KUKA enpresarekin elkarlanean egin du Fagorrek.
Prentsa robotizatu horrek hainbat abantaila eskaintzen ditu; izan ere, piezak robot bitartez transferitzen dira eta linearen amaieran pieza guztiz bukatua lortzen da. Wave Line sistema berriak, gainera, abiadura handian egiten du lan gelditu gabe. Horrela, produkzioa %40 igotzen da, esan moduan.
Hegoafrikara, Volkswagen plantara
Prentsa robotizatua proba-fasean dago orain Fagor Arrasaten, eta aste hau igaro ostean, Hegoafrikara bidaliko dute Volkswagen taldeak bertan duen planta batera. Fagor Arrasatek 24 milioi eurorengatik saldu dio prentsa robotizatua Volkswageni eta datozen bi urteetarako enpresan egiten duten aurreikuspena ona da; espero dute lana igotzea, eta ondorioz, baita salmenta zifrak ere.
100 pertsonen bisita
Egunotan autogintzako ekoizlerik garrantzitsuenen ordezkariek eta erakundeetako kargudunek konpainiak Arrasaten duen planta nagusia bisitatuko dute; ia 100 espezialista eta zuzendariren bisita espero dute.
Gaur Bernabe Undak ezagutu ditu instalazioak eta prentsa robotizatu berria, eta ondorengo egunetan bertaratzen direnek ere, horretarako aukera izango dute.