Denboraldia amaitzear dagoenean, ze balorazio egiten duzu?
Oso gustura ibili naiz. Azken urteotan elite mailan txirrindularien mailak gora egin du, eta nire helburua maila horri eustea izan da; orain ez dugu egingo orain arte egin ez duguna, mailari eustearekin konformatzen naiz.
Lasterketa batzuk aurrealdean amaitu dituzu.
Euskadiko zirkuituan hamar onenen artean egon ahal izan dut, eta esaterako, oroitzapen oso ona dut Lezaman egindako lasterketaz, bosgarren sailkatu nintzen-eta. Egia da puntako txirrindulariren batek kale egin zuela lasterketa horretara, nire lekua ez da bosgarren postu hori, baina polita izaten da, tarteka bada ere, norbera sailkapenean horren aurrean ikustea.
Eta azpimarratzekoa da estatu mailan hemen dagoela mailarik onena.
Bai, denboraldi txukuna egiteko ez dago kanpora joan beharrik, hemen lasterketa mordoa izaten ditugulako. Euskal Herritik kanpora bost bat lasterketa egiten ditut, gehiago ez.
Nazioarteko probak ere izaten dira gurean. Asteasun, esaterako, munduko ziklista onenekin parte hartzen duzue.
Bai. Aurten ez da Sven Nys belgikarra etorri, aurrekontu aldetik justu samar ibili direlako, eta halakoak etortzen direnean ikusten duzu ze maila duten, zure ondoan hegan egiten dutelako. Lasterketa horietan puntako txirrindulariek itzulia ez kentzeko helburuaz irteten gara. Hau da, ordubeteko proban ez dezatela zazpi minutuko aldea eskuratu –kanporatu egiten dituzte orduan.
Lasterketa hori izaten da zuendako denboraldiko hitzordu garrantzitsuetako bat?
Izan daiteke, nazioarteko gainontzeko lasterketak selekzioendako izaten direlako. Gainera, Asteasun oso giro ona egoten da, eta zirkuitua ere polita da.
Euskal Herriak beti eman izan ditu txirrindulari onak, baina ez du zerikusirik Belgikan dagoen mailaz. Zergatik horrenbesteko aldea?
Beno, Murgoitio sekulako denboraldia egiten dabil, eta dagoeneko ez dago belgikarrengatik oso urrun. Arrazoi nagusia, baina, ekonomikoa da. Hemengo txirrindulari onenak gazte mailan errepidera bideratzen dituzte, eta Belgikan, berriz, ziklista onenak ziklo-krosean geratzen dira. Han futbolak baino indar handiagoa du ziklo-krosak.
Gurean profesional gutxi daude.
Murgoitio eta Larrinaga profesional moduan dabiltza, eta Aitor Hernandez eta Aketza Peña ere hor dabiltza, justu-justu. Gaizka Lejarreta, Zubeldia, Iban Mayo... horiek guztiak ziklo-krosetik pasatu dira, eta sekulako maila zuten. Baina, errepidean korritzen amaitu zuten denek.
Zer du kirol horrek?
Hasteko, gure artean dagoen harreman ona. Familia handi bat garela esango nuke, ziklistak, ziklisten lagunarteak, gurasoak, mekaniko lanetan jarduten dutenak... Egia da lasterketa hasten denean zirkuitu barruan ez dagoela lagunik, eta kurba bakoitzean norberak ahal duen moduan defendatzen duela postua. Baina hortik kanpo oso harreman ona egoten da. Bestalde, oso kirol polita da, bizikleta gainean fisikoa eta teknika kontutan hartzen dira.
Zelan entrenatzen zarete?
Batez ere errepideko bizikletan ibilita, hor lantzen dugu bolumenak, serieak egin... Bizikleta gainean urte mordoa daramatzagu, eta bizikleta gaineko teknika ez da egun batetik bestera galtzen.
Ziklo-kros denboraldia amaitu, eta segituan hasiko da mendiko bizikletakoa.
Bai, martxoan hasiko dute denboraldia. Baina nik mendiko bizikleta baino serioago hartzen dut ziklo-krosa, eta orain atseden hartuko dut, parrandaren bat edo beste egin, lasaiago entrenatu... Roldanek, esaterako –Iñigo Roldan CDR taldeko taldekide arrasatearra da, Urainek moduan bizikletan lehiatzen urteak daramatzana– ziklo-krosean nik baino lasterketa gutxiago egin ditu, baina mendiko bizikleta denboraldia hasieratik hasiko du. Ni, berriz, aurrerago hasiko naiz mendiko lasterketetara joaten.
Ziklo-krosean, mendiko bizikletan... Eta ez zaizue burutik pasa errepideko lasterketetan hastea?
Bai, azken bi urteak afizionatu mailako txirrindulariekin lehiatu gara, eta nahikoa lan lasterketak amaitzeko! Lautadan ez digute horrenbesteko aldea ateratzen, erasoak jotzera ere ausartzen gara [Barre], baina errepidea malda gora jartzen denean... Gazteago ginenean ere ez ginen aparteko igotzaileak, eta urteekin horrek ez du hobera egiten...