Puntu garrantzitsuak eskuratu ditu Mondrak

Irati Goitia 2012ko urtarrilaren 22a

Mondrak Beti Gazte taldea hartu zuen atzo, zapatua, Mojategin. Partidu orekatua izan zen bi taldeek jokatu zutena, baina etxekoek irabazi egin zuten Pavonek bigarren zatian eginiko golari esker (1-0).

Partidua erabakigarria zen eta Iban Rodrigezen mutilek argi zuten egitekoa: irabazi. Helburu horretxekin irten ziren zelaira arrasatearrak; kontzentratuta eta serio.

Bi taldeak pareko

Lehiaren lehen zatian, ez zen bi taldeetako bat bera ere nagusitu.  Joko politik gabeko zatia izan zen, falta asko eta baloia trabatuta. Hala, taldeek izan zituzten aukerak ere gutxi izan ziren. Mondrak izan zuen lehena kornerrera botatako baloi batekin. Kanpotarrek ere izan zuten aukera garbi bat: Arrasateko atezaina kanpora irten eta Beti Gazteko mutilak zutoinera bota zuen narrua. Baina orokorrean, joko gutxi. Horren adierazle atsedenaldira husnako berdinketarekin joan zirela.

Garaipeneko gola, bigarrenean

Bigarren zatia hasi eta lasterrera sartu zuen gola Mondrak. Hegaletik ondo eramandako jokaldia baten ostean erdiratu eta Xabi Pavonek bigarren zutoinetik barrura.

Golak erabat baldintzatu zuen norgehiagoka. Arrasatearrak atzealdean sartu ziren eta kanpotarrek gorantz egin zuten. Etxekoak, baina, ondo aritu ziren defentsan eta azkenean hiru puntuak bertan gelditu ziren.

Bigarren itzuliari ondo ekin diote Mondrakoek eta partiduaren amaieran oso pozik zeuden. Azken bi partiduetan lortutako puntuek kemena eman diete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak